sonia gonzalez

Bosthamabi

2025eko abenduaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

— Agur, agur, Karlos… bai, bai, egongo gara…

— Karlos, e?

— Bai, tontolina hori, altzari zahar batzuk atera behar ditut… baina zer dela-eta ni zuri azalpenak ematen? Kar!

— Kar! Hartu! Eskatu zenidan errezeta: oilaskoa pepitorian, ikusiko duzu ze goxo eta ze erraz!

 Mertzi!

— Aurrekoan ez nizun kontatu, baina lehengo egunean zinera joan nintzen.

— Eta, zer ikusi zenuen?

— Komentuko hori, Los domingos edo.

— Ez al zenuen nahikorik izan mojen eskolarekin? Kaña gustukoa daukazu, e?

— Horrexegatik ez nizun ezer esan, kar!

— Eta?

— Tira, niri, behintzat, ez zitzaidan gustatu. Joan orduko, uste nuen familia normala zela…

— Normala?

— Bai, izaki mitologikoetan sinesten ez duena.

— Astapotro hori! Kar!

— Bueno, ulertu didazu, ezta? Kontua da familia kristaua zela. Orduan, hortik hasita, ez dut ondo ulertzen kolpea non dagoen, norberaren hipokrisia onartzean ez bada… Nahi duzu mojen inguruko pelikula bat egin? Horra hor, nire ustez, kontatu beharko liratekeen istorioak: Afrikatik edo Ameriketatik Europara datozen milaka emakume gazteena. Migraziorako modu askoz seguruagoa da, pateran etortzea baino, edo lana lortu dizutelakoan prostibulo batean amaitzea baino.

— Badakizu ateo militantea naizela, baina ez daukat arazorik sinesmen erlijiosoak dauzkan jendearekin. Ondo erreparatuz gero, seguruenik euren burua katolikotzat duten gehienak baino kristau hobeagoa izan ninteke.

— Hori umiltasun kristaua hori! Kar!

— Ez egin barre. Hala da. Azken batean, nire bizitzako gidalerroak nahiko bat datoz. Edo, behintzat, ahalegintzen naiz. Ez harako haren moduan, aingeru guardakoa zeukana, baina aparkatzen laguntzeko besterik ez, eta, harrigarriki, ez ziona ezer esaten lapurtzeaz edo bere politikekin jendea miseriara kondenatzeaz. Edo ez esan oso kristaua denik, esaterako, Almonteko Aste Santuan panpina bat ukitzeagatik, alboko jendea jipoitzea testosterona hats artean.

— Ba ez dizut galdetuko ea zer iruditzen zaizun Rosalia moja jantzita? Kar!

— Ba, beittu, aurreko diskoa, Motomami, atera zuenean, J-ri esan nion «txo, ez dakit hau kaka-mokordoa den edo jenialtasun hutsa». Bueno, esan ahala, banekien bigarrena zela. Badakizu zer zetorkidan gogora? Aldeak alde eta ezberdintasunak ezberdintasun, Mikel Laboa eta bere Lekeitioak. Sama egingo nuke Laboaren obra horretan orduko zaharrek, hainbatek, behintzat, zarata eta erokeria baino ez zutela ikusten. Eta, esaten ari nintzena, uste dut Rosaliak disko berriarekin mugarri garrantzitsu bat jarri duela. Kontsumo produktu hutsak egiten diren honetan, artea egin du, helburu artistikoekin sortu du. Eta jendeak flipatu egin du. Kontsumoak amigdala basatia jotzen du, arteak kortexa eta bere substantzia grisa jartzen ditu dantzan.

— Alde musikala, itzela, alde estetikoa…

— Et, et, et, orain ez esan estetika katolikoa, bere pietà, kalbario eta sufrikario guztiekin demasa ez denik!

— Bueno, bai, agian alde kontzeptualak kezkatzen nau.

— Neska, inguruko guztia kolokan dagoenean, etorkizun argirik ikusten ez denean, zerbait erraz, sendo eta iraunkorra behar da. Hutsune existentziala beteko duen zerbait. Gazteek heldulekuren bat behar dute, biziki, euren bizitzetara zentzua eta egiazkotasuna ekarriko dien zerbait, jaio-kontsumitu-hil hutsetik harago, transzendentzia modukoren bat edo… Hainbeste gustatzen zaizun Depeche Modek ere Personal Jesus kantatzen zuen, ezta?

— Bai eta ez. Hura albokoen elkarreraginean zetzalakoan nago, baina norberaren bizitza gidatzeko indar estrintsekoren bat behar izatea… ummm… Erlijioa, azken batean, ardura indibidualaz eranzteko bitarteko erosoa da.

— Ez dizut kontrakorik esango… Bestetik, katolikotasunarekiko identifikazioa bilatzen da, baina superfiziala, fedeak behartzen duen konpromisorik gabe. Ez da ezer berria. Funtsean ez da erlijioa, mistizismoa da, beste sasoi batean new agek edo filosofia orientalek bete zuten bezala. Deitu jainkoa, deitu energiak…

— Eeeeeezzz! Vade retro! Kar!

— Edozelan, hau guztia ez da aparteko ezer. Uste dut politikoki zeharkatzen ari garen sasoi iluna dela alerta pizten duena. Eskuma identitarioak erlijioa instrumentalizatu du betidanik: patria, familia, erlijioa eta hierarkia. Estatu espainolean berriro entzuten dira nazionalkatolizismo hotsak.

— Bai, horrexek kezkatzen nau. Kristautasun pop horrek ez ote duen beste deribaturen bat izango.

— Edozein kasutan, hobe espiritualitatearen eta transzendentziaren bilaketa, bebétevoyameterlatrancahasta eskapismo nihilista eta misoginoa baino, ezta?

— Beinke! Baina, kontuz, ea trankadunarengandik ihesi komentuan amaitzen dugun!

—- Komentua baino, hobe Lesbos irla berreskuratzea! Kar!

— Ez duzu sinistuko, baina erlijio fake-aren moda pentsaezineko tokietara ere heltzen ari da. Hala, Llados eta bere masiboak eta enparauak Biblia irakurtzen hasi dira.

— Irakurtzen?

— Esku artean erabiltzen, barkatu. Kar! Moda berritik tiraka, kutre-sekta moduko horri koska bat estuago eman nahi omen diote. Lamborghiniak ezin dira dena izan, badakizu.

— Oh, Lord, won’t you buy me a Mercedes Benz? My friends all drive porches, I must make amends…

— Ixi, Jenisjoplin hori! Aterri da eta!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.