— Kroketak ekarri dizkizut.
— Ze ondo!
— Espinakak eta Bizkaiganeko gazta zaharra.
— Zuk bai jakin!
— Zelan zaude?
— Primeran!
— Seguru?
— Bai, seguru.
— …
— Zer? Ezer esan nahi didazu, ala?
— Zeuk esan beharko zenuke, agian. Noiztik ezagutzen dugu elkar?
— Aspalditik.
— Aspalditik, bai. Betidanik, hobeto esanda. Maitti, ez zara okinarekin edo goiko auzokoarekin berbetan ari, nirekin ari zara.
—Zertan zabiltza, aitorpenen baten bila, ala?
— Deitu nahi duzun bezala.
— Ba, beittu, bai, momentu hobeagoak izan ditut. Ostia ederra izan da, neska! Zelan nahi duzu egotea? Burua tanta bat pitzaturik... Baina, trankil, dena hasi da onbidean. Agian oso arin nahi izan dut aurrera egin. Lehengo egunean egon nintzen pentsatzen… uste dut negar nahikorik ez dudala egin, doluaren gainetik pasatzen ahalegindu naizela.
— Dolua?
— Bai, dolua galera baten aurreko erantzuna da. Hurreko norbaiten heriotzaren osteko doluak identifikatzen ditugu normalean, baina bestelako galera batzuek ere dolua ekartzen dute. Eta gaixotasunak ere dolua ekartzen du, dolu berezia, esaten dutenez, gaixotasuna kronikoa bada, gainera.
— Pentsakor egon zara, bai. Berezia, zergatik?
— Gaixotasunak norberaren identitatea ere jotzen duelako. Onartu behar duzu jadanik ez zarela lehen zinena, onartu behar duzu jadanik ezin duzula egin lehen egiten zenuena. Baina, gainera, ez da zerbait puntuala, ez da lehenago edo beranduago atzean utzi ahal duzun zerbait, bizi osoan izango duzu, eta galerak, handiagoak ala txikiagoak, biderkatzen joango dira. Burua balizko sintoma berririk ote dagoen arakatzen harrapatzea saihetsezina da. Mehatxupean bizitzea lakoa da.
— Badakizu ez dela zertan horrela izan, hainbat lagun egoera horretan daudela eta bizimodu normala egiten dutela.
— Esan duzunez, betidanik ezagutzen dugu elkar, ezta? Ba… ez esan horrelakorik, joño! Kantsaturik nago halako mezuekin! Ez txarto ulertu, mesedez. Nik ere egin izan dut, ni ere ahalegindu naiz jendeari animoak ematen eta beren kolpeen garrantzia leuntzen. Baina, badakizu? batzuetan ez da animorik behar, batzuetan ez da behar inor egoera samurtzen ahalegintzea, batzuetan aurrean daukazun horrengandik behar den bakarra da «koittadu hori» esatea, bizkar gaina laztantzea eta malkoak xukatzea. Eta gelditu behar bada eta negar egin behar bada eta momentu horretan zauriak miazkatu behar badira, horixe egin. Puntu.
— Horrexegatik zaude apur bat zeure baitan bilduta, ezta? Banekien gauzak ez zeudela ondo-ondo, hala irudikatu nahi zenuen arren.
— Azken batez, horixe da jende gehienak espero duena, ezta? Aurrera egitea eta, gainera, ahalik eta lasterren. «Benga, neska, burua altxatu behar duzu!» esaten dizutenean… ufa! Mugitu nahiko ez lukeen asto baten moduan sentiarazten nau horrek. Ez dut aguantatzen inor xaxatzen ibiltzea, presa baleuka bezala.
— Joe, bazaude minbera, bai!
— Minbera ez, triste eta haserre artean, agian… bueno, bai, minbera… Zer da, bestela, pena eta sumin arteko sentipena? Kar!
— Ulertu behar duzu ez dela erreza asmatzea.
— Ez, ez da. Lehen esan dizudanez, nik ere halakoak egin eta esan ditut. Badakit ez dagoela asmo txarrik, kontrakoa baino. Baina gauza asko ulertzen ari naiz orain… Hala ere, ez kezkatu larregi, e? Esan bezala, dena doa onbidean. Onarpena denbora kontua baino ez da.
— Hori esaldi lapidario hori, kar!
— Bai, kar! Erabilera asko izan ditzake.
— Eta erabiltzaile asko… Ezkontza derrigortuetatik…
— Diktadore guztien ohe buruan zintzelaturik egotera! Kar! Ui, eta Mileirena? Bua!
— Bai, neska, harri eta zur geratu naiz.
— Sor eta gor! Badakizu, «Argentina, ez zenuke ulertuko».
— Egia esan, ez dakit herrialde horri saltzeko ezer geratzen ote zaion… Uranioa, akaso.
— Ameriketako Estatu Batuetako enpresek zer aterako dioten garrantzitsua da, baina ematen dit orain, momentu zehatz honetan, are garrantzitsuagoa izan litekeela Txinarekiko harreman komertziala oztopatzea, lur arraroetan eta telekomunikazioetan ez ezik, sojatan ere bai. Badakizu, Txinak AEBei erosten ez dienik…
— Eta, edozein kasutan, ultraeskumako internazionala indartu egin da. Horrexek kezkatzen nau gehien.
— Ba imajinatu zelako pentsamenduek egiten didaten niri haginka! Ez deitu berriro oilo loka, mesedez; badakit banaizena, baina ez esan gezurra denik edo gehiegikerietan nabilenik. Espainian boterera heltzen badira... Badakizu zenbat balio duen ospitalean doan jasotzen dudan tratamenduak? Pastilla kutxatxo horrek? BOEn bilatu nuen aurrekoan.
— Zenbat?
— Hilean kontu korrontera sartzen zaidana baino gehiago. Eskuma basatiaren motozerrak ez du gasturik ebakitzen, bizitzak segatzen ditu.
— Ez da, honezkero, estatu sakrosantu honetan nekropolitikaren adibide faltarik.
— Independentzia higiene kontua ere bazela genioen duela ez hainbeste denbora. Akaso independentzia biziraupen afera ere bihurtuko da.
— Ba ematen dit pilak deskargatu antzean daudela.
— Onarpena denbora kontua baino ez ei da.
— Ui, pilak! Pilak erosi behar ditut! Eta ogia, eta pernil apur bat, eta…
— Zer nahi duzu, ba, erosketak egitera laguntzea? Atx! Kroketak ekarri dizkidazulako, bestela… kar!