sonia gonzález

Seibederatzi

2026ko irailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

- Ufa! Hauxe beroa! Eskerrak iluntzeetan freskatzen hasi dela… edo, behintzat, hala dirudi…

- Atx! Ixi, ixi! Kantsaturik nago beroaz. Eta, are gehiago, beroaz hitz egiteaz.

- Es ke sekulako itomena izan da uda honetakoa, neska… Gainera, ni termostatoa kraskaturik…

- Abanikoa astindu, ba! Kar!

- Bai, halantxerik nabil! Tendinitiseraino! Kar!

- Beittu, badakizu zergatik nagoen kantsaturik?

- Zergatik?

- Denok komentatzen dugu, denok ikusten dugu, denok sufritzen dugu… baina ez dakit ez ote diogun garrantzia emateari utzi.

- Ze ba?

- Eguraldiaz hitz egiten duenaren antzean hitz egiten dugu.

- Mmmm?

- Igogailuko elkarrizketa bailitzan, esan nahi dut. Ez dakit tamaina hartzen diogun… Agian, okerrago: tamaina hartu bai, baina gure patua jasankortasun kristauaz onartu ei dugu… Ez amorrurik, ez kontu eskatzerik… Beldur eta etsipen arteko sentipen lausoaz aritzen gara. Baliteke gure beldurra zuzen ez esplizitatzea, baina hortxe dago, doinu atzean gorderik. Gehienez, «eutsikotsagu, ba!» borobiltzen dugu elkarrizketa, elkarri animoak ematearren edo… Baina itxaropenik gabeko animoak dira, jadanik bere mentura zitala onartu duenaren antzera.

- Baliteke, baliteke… Iragarritakoa heldu egin da; honezkero, kaos klimatiko betean bizitzen hasi gara eta, egia da, harrigarriki, zibilizazio humanoaren galbidea ez dirudi inoren lehentasuna denik.

- Gauza asko gertatu dira pasa den mendeko 70eko hamarkadako abisuak eta lehen prospekzioak egin zirenetik. Orduan, zientzialari gutxi batzuen kezka baino ez zen.

- Harik eta arazo global bihurtu.

- Kontua da konponbidea ez zela ozono geruzaren zuloari aurre egitea bezain erraza. Ez da gauza bera produktu jakin batzuk merkatutik ateratzea edo hona arte ekarri gaituen sistema bera aldatzea.

- Edozelan, kapitalismoa abila da bere burua berrasmatzen eta kanpoko faktoreetara egokitzen.

- Eta halaxe ahalegindu zen… ala ez duzu gogoratzen greenwashing sasoia? Denok omen geunden barku berean eta, biribilketa alaian, denok ipini behar omen genuen geure partetik prozesua eteteko edo astiroagotzeko. Bien bitartean, gu entreteniturik, zaborrak bereizten, eta enpresak betiko martxan, erosi-eta-bota gurpil zoroan. Hori bai, etiketa berdeekin eta zuhaitzen bat landatzen, horrek igorritako emisioak konponduko bailituen.

- Negozio hobi berriak ere zabaldu ziren.

- Bai, baina laster geratu zen argi zaborren kudeaketa, energia garbi, kotxe elektriko eta enparauekin ezin zitzaiela irabazi tasa berberei eutsi. Erabakia? Berdin-antzean jarraitzea.

- Eta erresilientzia berba magikoa modan jarri zuten.

- Egia da kaos klimatikoa ez dela etengo. Horretaz ere abisaturik gaude. Nahiz eta bihar bertan emisio guztiak eten, eragin asko atzeraezinak dira.

- Horrek ez du esan nahi neurriak hartzeak ezertarako balio ez duenik.

- Ez, hala da. Eta alde handia egongo litzateke benetan serio hartuz gero. Baina esaten ari nintzena, errealitate ukaezina bada, ditxosozko erresilientziaren funtsa jendartea, hiriak, laborantza, azpiegiturak eta abarrak prestatzea izan beharko litzateke, ondorio horiek aurreikusi eta, ahal den neurrian, apaltzeko.

- Halako askorik ez dirudi egiten ari denik.

- Badakizu zer beste ez den apenas aipatzen? Desazkundea.

- Seguru txostenen batean horretaz hitz egiten dela.

- Seguru. Eta orrietatik haragoko errealitatean gau tropikalak, Kantauriko ura Mediterraneokoa baino beroago (Mediterraneoa Txerrenen galdara bihurtu baino lehen, esan nahi dut), sikateak, uholdeak, erauntsiak eta tornadoak, urtu eta askatzen diren glaziarrak…

- Negazionistek ez dute esango kaos klimatikorik ez dagoenik, ezta?

- Ez. Orain diote aldaketa klimatikoa egon badagoela, baina betidanik egon dela eta ez denez izaki humanoaren ondorioz…

- Ez dagoela geure esku.

- Jarrai dezagun petrolioa erretzen, urruneko oporrak instagrameatzen, jet pribatuekin amesten eta elite teknologikoa gurtzen, hainbesteko energia kontsumitzen eta hainbesteko ur xahutzen duten datu-zentro erraldoiengatik eskerturik.

- Don’t look up pelikulan bezala, ondo trebatu gaituzte gainean daukagun meteoritorantz begira ez dezagun.

- Zer gertatu ote zaio gure biziraupen instintuari? Etxea sutan daukagu eta gu Tiktokerako dantza egiten… Ikasi al dugu tragedia prozesatzen memeak eta reelak ikusten ditugun arinkeria berberaz?

- Baliteke… Edozein kasutan, ez dezagun falta dopamina dosirik!

- Badakizu? Krisi klimatikoa klase gatazka ere bada. Aferaren funtsa, azken batez, oraindik da produkzioa, zentzu zabalean, nork antolatzen duen eta ze helbururekin egiten duen.

- Horrexegatik, negazionistak aipatu ditugula, ez dezagun ahaztu faxismoa beti izan dela latroziniorako bitarteko politikoa. Eta badirudi horixe dela momentuak —deitu post-kapitalismoak, deitu tekno-feudalismoak edo deitu sursunkordak— premiazkoa duen egituraketa politikoa.

-Portzierto, ez didazu ezer esan tomate entsaladaz…

- Itzelak egin dituzu aurten, neska, mamitsu, urtsu eta zaporetsu.

- Kostaka, baina! Kar! Zuk aprobetxa, aprobetxa… Auskalo hemendik aurrera zer. Ondo dakizu-eta urtaro barik ez dagoela nekazaritzarik…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA