—Ze, joango gara Gollibarrera buelta bat ematen?
—Nora???
—Bolibar herrira, neska. Hemen, eskualdean, Gollibar esaten diogu eta… kar! Goazen, ea zer ateratzen diguten Arkupe tabernan. Eta gero, nahi baduzu, Iruzubittara joan ahal gara eta Armolan bazkaldu.
—Zeuk esan…
—Badakizu? Konturatu naiz urteak egiteak gauza on asko dituela.
—Ez dakit nik ba! Kar! Beittu zelan daukadan belauna! Kar!
—Memoria, neska. Bizitakoak ematen duen perspektiba altxor ezin preziatuagoa da eta, hala, gero eta gehiago egiten didate gainez kontatu beharrekoek… Badakizu zer etorri zaidan akordura azken aldi honetan? Gogoratzen duzu XXI. mendeko sozialismoaz eztabaidatzen genuenean? Portzierto, Chavez izan zen eztabaida piztu zuena.
—Luze eta sakon egiten genuen, e?
—Bai, XXI. mendeko sozialismoak ez zekarren errezetarik, tokian toki partekatzen ziren hausnarketak eta gidalerroak baino. Utopia eraikitzen hasi ginen berriro.
—Ba, agidanez, jadanik ez bide gara utopiak amesteko gai. Badirudi jendartea erretropiak irentsi duela.
—Edozelan, ez zen alferrikako lana izan. Iraganeko sozialismo erreala deitutakoarekin kontuak egin genituen: demokrazia falta, planifikazio zentral eta burokratikoa, ezberdintasunei tarterik uzten ez zien kolektibismoa, produkzio-bideak nazionalizatzeak ez dakarrela ezinbestez sozializatzea…
—Eta gako batzuk argi atera genituen: produktibitatea versus naturaren mugak, produkzioa eta erreprodukzioa, zaintza, lanarekin —lan guztiekin— harremantzeko modua ezin zuela kapitalaren logikak zuzendu…
—Osterantzean, ondo zail jarri zioten Chavezi, e? Barne eta kanpo presio, azpijoko eta erasoak itzelak izan ziren. Non ikusi da enpresaburuak grebak deitzen? Ez langileak euren baldintzen defentsan, ez, ez, enpresaburuak ekoizpena gelditzen. Non ikusi da hori?
—Allenderen Txilen?
—Esaterako.
—Eta hauteskundeen aurretik, bat-batean hutsik geratzen ziren supermerkatuetako apalak? Halako zenbat bideo ez al ziren zabaldu? Baina, kontuz, gorde ahal ziren produktuak baino ez ziren falta eta, hauteskundeak behin pasaturik, apalak berriro betetzen ziren, artxila murtxilaz…
—Eta, hala ere, barne produktu gordina hirukoiztu zuen, pobrezia maila %50etik %25era jaitsi zen, milioi eta erdi lagun alfabetatu zituen…
—Eta gero, minbiziak eraman zuenean, ondo aprobetxatu zuten erasoak biderkatzeko.
—Madurok ez du inoiz izan Chavezen gaitasun ideologiko eta politikoa eta ez dut uste ulertzen duenik historiaren garapenean denok behar dugula trantsiziozkoak izan. Baina, hala ere, Venezuelaren egoera ekonomiko eta sozialaz hitz egiten denean, harrigarriki, zigorrak ahazten dira. Badakizu gaur-gaurkoz oraindik laurehun zigor daudela indarrean Venezuelaren kontra? Hori Ameriketako Estatu Batuetako finantza sailak gogorarazi die negozioak egin nahi dituzten estatubatuar enpresei.
—Ez ditut nik zurituko zuritu ezin diren kontuak, are gutxiago azken hauteskundeetako marroa, baina Venezuelari ipintzen zaion demokraziarako langa gainontzeko herrialdeei ipiniz gero, ez dakit bakar bat gainditzeko kapaza izango litzatekeen.
—Gutxien Venezuelako salbatzaile txalotuak. Minnesotan 3.000 gizon armatu dabiltza eta, honezkero, herritar bi exekutatu dituzte kalean, tiroak ondo-ondotik botata, baina Venezuela da, edo zen, diktadura… Trumpek dei soil batez programa kritikoak kentzen ditu parrilatik, baina Venezuela… FBIk oposizioaren zerrenda beltza egiteko agindua dauka: antifaxistak, antiarrazistak, ekologistak, kazetariak eta unibertsitateko irakasleak… denak barne terroristak ei dira, baina Venezuela…
—Ixi! Ixi! Bada tertulia espainol bat non bertoko andrazko batek parte hartzen duen, EAJkoa bera. Hemen aspalditik ezagutzen dugu, han ez horren ondo. Kontua da baze egun batean Iglesias ere han egon zela eta Naiara honek ekin eta ekin aitortzeko Venezuela diktadura zela. Azkenean, Iglesiasek bota zion: «Ez, ez da. Baina zuk uste duzunez diktadura dela, esango al zenioke Josu Joni negoziorik ez egiteko han?»
—Eta zer erantzun zion?
—«Ze-ze-ze», «ta-ta-ta» ez dut hainbesteko zezeldura eta tataldura entzun nire bizi osoan, benetan, eneeeeee… kar!
—Kar! Ai, gure Josu Jon, Argia aldizkariak gogoratu bezala, harakoan errepikatu baino ez zuen egiten indarkeria gaitzetsi behar dela, datorren tokitik datorrela ere… aha! Eta orain Trumpi erreberentzia eta gur egiten, koipelustre losintxari herresta hori!
—Lukurreru saldu halakoa!
—Narrasean, Machado Fake Sariduna bezala.
—Eta preso politikoen afera, zer? e?
—Ez dut halakorik ukatuko, baina ez dirudi estatu espainolean, besteak beste, lekzioak emateko moduan daudenik. Badakizu beste tertulia batean zer entzun nuen? «Ehunka mila preso politiko izan dituen erregimena», ehunka mila!
—Erritmo honetan sozialismoaren hildakoak gaindituko dituzte, kar!
—Egunotako batean 8.200.000.002ra helduko dira
—8.200.000.002?
—Bai, Lurreko populazio osoa gehi CNIko biak, kar!
—Zer nahi duzu?
—Ez dakit. Goiz da ardoarekin hasteko. Azkenean, kanta-paperak aterako dizkigute… Zuku bat edo.
—Ai, zelan zen? zelan zen? A, bai! Juvita! Juvita zukuak, Aló Presidente saiokoak, kar!