—Beittu zer ekarri dizudan…
—Zer? zer? zer? Aioiene…
—Itxaron, ba!
—Neska, halako poltsa erraldoian arakatzen, Mary Poppins ematen duzu!
—Heeeemen! Azkenik!
—Zer da? Errezeta bat? Joe, tuperra ekarri ahal zenidan! Kar!
—Kantsatu naiz zu atzamar puntetan hazteaz… behingoagatik, zeuk prestatu eta ekar zeniezadake, ezta? Kar!
—Ea ba, ekarzu, ea zer-nolako gutizia kozinatu behar dizudan… txerri-matrailaz eta sagarraz betetako hostopila? Mmmm, bai itxura ona, bai.
—Argiñanoren programan ikusi nuen.
—Guatxapez bidali ahal zenidan eta ez paper ziztrin batean.
—Antzinako andrea naiz.
—Esan vintage, eleganteago geratzen da eta, kar! Badirudi programa horretan bertan iragartzen duten «Protección senior» ondo etorri ahal zaizula…
—Zantar hori!
—Karri pa!
—Orain patxoak, bai…
—Ba horixe, nik ere ikusten dut programa lantzean behin. Ez al da intendentzia lan pisutsua benetan? Zer prestatuko pentsatzeak abaildu egiten nau… baina badakizu zerekin flipatzen dudan gehien? Alarmen enpresa horrek iragartzen dituen kontuekin.
—Ba, bai! Demasa…

—Batetik, larrialdietarako botoia, etxean istripurik badaukazu. Ez dakit Espainian, baina hemen, behar izanez gero, aldundiari eskatu ahal zaio.
—Eta zer diostazu «sarraila adimendunaz»? Horrek liluraturik nauka!
—Bai, neska, ez dakit zelan bizi ahal izan garen asmakizun hori barik. Istripuren bat badaukazu, Securitas Direct-era deitu eta eurek zabaltzen dizute atea!
—Bai, zertarako utziko diozu auzokideari, ezagutzen duzun pertsona bati, alboan daukazun norbaiti, giltza joko bat, Securitas Direct-eko «mutilek» edo, batek daki nondik, zabaldu ahal badizute «prezio modiko» baten truke. Ez dakit nik edonork nire etxea zabaldu ahal izateak trankiltzen ote nauen.
—Ixi! Ixi! Iragarkian heltzen dira esatera, gaixorik bazaude eta auzokidea etxera sartu behar bada, oilo-zopa edo kikili-salda ekartzera, halaxe zabaldu ahal diozula. Baina inor ez da kontziente zelako zentzubakokeria den hori?
—Bada jendea auzokiderik ezagutzen ez duena.
—Ba, horixe da lehenengo gauza egin behar dena norabait bizitzera mugitzen zarenean! Agian, albokoa ganorabako hutsa izan daiteke, denetarik dago munduan, baina auzoan seguru norbait ezagutzen duzula. Eta ez bada horrela, auzo osoan ez baduzu inorekin harremanik egin, orduan bai, orduan arazo benetan larria daukazu, eta hori ez da sarraila batez konpontzen…
—Ai, neska, zelan jartzen zaren! Kar! Beste prestazio batzuk ere badauzka. Premium ordaindu eta mediku hitzorduak lortzen dizkizute! Ez esan erabilgarria ez denik…
—Zuk badakizu idatziz ironiak sarri ez direla harrapatzen, ezta?
—Bai, baina berbetan gaudenez, doinuaz eta aurpegieraz kargutzen zara, ezta? Kontua da orain denetarik egiten dutela: alarmaz gain, larrialdietarako botoia, sarraila, mediku hitzorduak, osasun datuen bilketa…
—Osasun datu pertsonalen bilketa, auskalo nori eta zertarako saltzeko…
—Bai, hori ere bai. Baina detailea ez da huskeria. Kapitala jadanik ez da konformatzen publikoa izan beharko litzatekeen guztia pribatizatzearekin eta horrekin negozioa egitearekin, orain auzokidea ere ordezkatu nahi du…
—Bueno, horixe zen hurrengo pauso naturala, ezta? Komunitatea bera, inguru soziala ere ordezkatzea. Elkar babeserako eremu guztiak babes indibidual eta ordaindu bihurtu.
—Enpresari izena ere aldatu diote. Jadanik ez da Securitas Direct; orain, Verisure da, izen leunagoa. Logotipoarekin egin bezala: arriskua islatzen zuten argi gorrien ordez, lore bat; letra mota zorrotzaren ordez, letra borobila.
—Indibidualismoa xaxatu eta izaki autonomo eta autosufizienteak garela sinetsarazi digute. Irakatsi digute ingurukoei mesfidantzaz begiratzen. Alarmak saltzen dituzten enpresak adibide ezin hobeagoa dira. Kontuz, ez ote zaigun inor etxera sartuko ogia erosten dugun bitartean. Eta autosufizientziaren gezurra jausten denean, zeren eta ez baikara estepako otsoak, laguntza eta zaintza ezinbestekoak ditugula konturatzen garenean, hortxe daude eurak, sorrarazi diguten arazoari konponbidea emateko prest.
—Kapitalismoak hainbat modutan apurtzen gaitu, txanponen dirdirarekin despistatzen gaitu eta kontsumismoaren salbazio faltsuaren promesarekin isolatzen gaitu, banpiro abilen modura, konturatu ez gaitezen ustiatzen gaituen bitartean. Gerora, bizi ahal izateko, beste izaki humano batzuk ezinbestekoak ditugula ikusten dugunean, gure hauskortasunaz kontzientzia hartzen dugunean, hortxe dago bera, negozioa egiten jarraitzeko, azken tantak xurgatzeko.
—Ai! Erreparatu duzu Argiñano ostean ematen duten konkurtsoan denek nahi dutela dirua bidaia bat egiteko?
—Ez daukat frogarik, baina zalantzarik ere ez: lehiakideak bidaiaren bat esatera behartu egiten dituzte. Turismoaren negozioa hainbat modutan bultza daiteke…
—Bai eta atzetik datorren espekulazioa…
—Ufa! Horretaz badago zertaz hitz egina, neska! Hurrengorako. Beittu ze ordu den! Etxera arineketan! Zatoz… musu bat…
—Bai eta pentsamendu bat biderako: orain, erregai eskasiarekin oporrak arriskuan badaude, ea ez ote den iraultza, azkenik, piztuko, kar!
—Kar!