— Ui, badakizu zer ikusi nuen aurrekoan tertulia batean?
— Neska, azkenaldi honetan dena da tertuliaren batean ikusi duzuna!
— Zer nahi duzu, ba? Kulebroiren baten faltan nago eta! A. eta M., baita Tx. ere, La Promesarekin engantxaturik daude, baina nik ez dut kapitulurik bat ere ikusi eta, honezkero, berandu da hasteko. Asike tertulia politikoekin engantxatu naiz… kar!
— Atx, maittia, antz-azturak hobiraino! Kar!
— Holantxerik! Horixe espero dut, behintzat! Kar! Kontua da pentsiodun bat mahaian jesarri zutela eta han tertuliano bat, hitzak erabiltzen eta kontzeptuak bihurtzen eta uzkurtzen abil-abila dena… Hasieratik ikusi nion asmoa: gizona erraz batean nahasiko zuela uste zuen, zaharra izate hutsagatik.
— Eta?
— Zuk zer uste duzu? Joan zitzaion tokitik egin behar izan zuen alde, kar!
— Ixi, ixi! Badakizu nor ikusi nuen aurrekoan albistegian, Bilbon, PPren egoitza aurrean? M. tabernakoa! Gogoratzen duzu? herriko tabernarik punkiena zen hura… Orduak eta orduak ematen genituen han.
— Zelako tropa batzen ginen, e? Garagardo bat zorretan utzi nuen.
— Horrela ez da negoziorik egiten, e? kar!
— Et, et, et, arrapaladan irten behar izan ginen egun hartan izan zen.
— Orduan, bale! Zelako mobida, neska!
— Hurrengo aste bietan, badaezpada, giltza ingeles handi bat poltsan eramaten egon nintzen, jo kontuak!
— Ba, horixe, hantxe gizona pentsiodunen artean zarata hotsean.
— Pentsiodunen artean… Bera ere honezkero pentsioduna delako, kar!
— Ea! Zeuk esan! Baina bueltatxoren bat badauka oraindik, e?
— Bat edo bi, edo…
— Sekulako morboa izan du betidanik.
— Bai, neska, ufa! Ixi! Tontorrona jarriko naiz eta…

— Badakizu? S. eta J.rekin hainbestetan komentatu bezala, berriro hasi beharko gara eraikinak okupatzen, baina oraingo honetan zaharretxea muntatzeko. Manifak imaginatzen ditut: zaharretxea, gure etxea!!!
— Gaztetxetik zaharretxera, bizi borroka…, hortxe obra baterako ideia.
— Badakizu? Badago umorea egiten duen morroi bat, sarritan botatzen dituen egiak bere burua pailazotzat aurkeztuta desenkusatzen dituena… Ba horrek ondo argi dauka. Behin baino gehiagotan entzun diot esaten ez okertzeko jende nagusiarekin, belaunaldi hori Rosendoren belaunaldia dela. Eta egun batean mutil bati, ez dut gogoratzen nor zen eta berdin da, honelaxe esan zion, punk mugimendu hastapenaz jakin nahi bazuen, hori orain, momentu honetan, Benidormen dagoela. Eta ez zaio arrazoirik falta! kar!
— Pentsiodunen mobilizazioetan batzen diren lagunen izenak zerrendatzen hasiko bagina...
— Zenbat militantzia urte ez al dira hor batzen?
— Zenbaezinak…
— Alderdi politikoetako, sindikatuetako, eragile sozialetako militanteak, herri eta auzoetan bizi osoa borrokan eta lanean eman dutenak…
— Gaitasun politiko kontestatzaile sakoneko belaunaldiak... Dakigun guztia ez, baina hortik asko ikasi dugu, ez ala?
— Justiziak eta duintasunak norbaiten ibilbidea zuzentzen badute, hor ez dago okertzerik. Eta ez badira orain arte makurtu, ez dute pentsatuko orain makurraraziko dituztenik, ezta?
— Badakizu zer iruditzen zaidan? Zaharra zarenean, identitatea galdu moduan egiten dela. Besteek egozten dizkizuten aurrejuzku mordo baten poltsa zimurtu bihurtzen zara. Zaharrak, automatikoki, ez dakite ezer eta, hainbatentzat, gainera, atzerakoi eta erreakzionarioak dira denak.
— Suposatzen dut horretan zerikusia daukala, besteak beste, historia ulertzeko daukagun modu okerrak. Nahi dugu pentsatu historia zerbait lineala dela, izaki humanoak beti egiten duela aurrera, eta ez gara konturatzen zirkuluetan, aurrera eta atzera, mugitzen garenik.
— Aurrerapen teknikoak aurrerapen sozialekin nahasten ditugu, antza.
— Hala ere, esan duzun horrekin lotuta, esango nuke botere eta zapalketa sistema guztiek antzera funtzionatzen dutela: besteak orokortasuna dira, denak berdinak dira, izan emakumeak, izan jatorri edo kolore zehatz batekoak… Multzo homogeneoak ei gara, baina beste multzo batekoen begiek ezaugarrituta.
— Bai, baina adinkeria botere sistema guztietatik bitxiena da. Beltza bazara, esaterako, beltza zara eta hori ez da sekula aldatuko, baina adina… denok, hein handiago edo txikiago batean, hortik pasatu eta pasatuko gara, norabide bitan funtzionatzen du eta. Baina, botere erpinera behin helduta, haurtzaroan eta gaztaroan pasatutakoa ahazten dugu eta laster etorriko zaiguna ekidingo dugulako kontzientzia faltsuaz bizitzen gara, momentu hori, azkenik, heldu arte.
— Hori hala izan da mundua mundu denetik… Kezkatzen nau, hala ere, oraingo honetan bizitzen ari garen fenomeno berriak. Badirudi, zelan edo halan, klase borroka belaunaldi borrokaz ordezkatu nahian dabiltzala. Matxismoa eta arrazakeria nahikoa ez balira, orain adinkeria biziki sustatzen ari dira. Pentsiodunak omen dira etsaiak, Z belaunaldiari legokiokeenarekin geratzen ari omen direnak, izan pentsioak, izan etxebizitza, izan zerbitzu publikoak…
— Zelan oilaskoa? Ez al duzu sikutxo nabaritzen?
— Ni ez naiz horren kontestatzailea, jatekoa bada, barrura! kar! Baina bai, arrazoia daukazu.
— Noiztik ez dugu sinpa bat egin?
— Ez animatu hainbeste, ganorabako hori! Andere zentzudun, modutsu eta otzanak gara…
— Hori amamari sartu, maitti! kar!