sonia gonzález

Seilau

2026ko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

— Baina zer daukazu? Koxoka zatoz, neska! 

— Zuk zer uste duzu? Korrika madarikatua! Kar!

— Atx! Hori gertatzen zaizu ez berotzeagatik! Kar!

— Eneee… bizikleta estatikoan hasi zinenetik ez dago nork aguanta… 

— Bizikliti istitikiin… Bakizu? artaburu batzuk dauzkat ganbaran…

— Ta?

— Zoaz eta jorra itzazu nire partez! Kar!

— Pepelerda hori! Kar! Eta zu, zer? Etxean itxaron al zenuen ea zubitik noiz pasatuko eta leihotik animatu, ala?

— Ene! Jainkoarren, ez! Baina etxe paretik pasatzen ez zelako, bestela… kar! Aioiene! Herri honetan dena ospatzen edo aldarrikatzen dugu kirola egiten: euskara dela, Korrika, Ibilaldia, Nafarroa oinez… eta emakumezkoa bazara, gainera, Lilatoia, mendi martxak… 

— Inork ez zuen esan erraza zenik.

— Eta, batez ere, neketsua izango ez zenik… Hala ere, suerte ona izan nuen. Korrika harrapatu nuen lagun baten amak lekukoa hartu eta segidan. Astiro-astiro joan ginen, kar! Baina zelako gauza ederra birramona eta biloba txikia eskutik… Korrika denontzat da.

— Baten batek ez luke horrelakorik esango.

— Barkatu, euskararen alde gauden denontzat, kar!

— Ederra kalapita, ezta?

— Eztabaida handirik entzun al duzu kalean, ala? Hutsune handirik ez du uzten beti huts egiten duen horrek. 

— Euskara denon ondare kulturala omen da…

— Bai, kanpotik «miresteko», kristalezko apalategian, figuratxo exotikoa bailitzan. Geldi eta bizigabe. Beittu, euskaldun izan barik ere, euskaltzale izan zitezkeen. Baina euskaltzaletasuna ez datza paparrean txapa bat eramatean; euskaltzaletasuna ez da esaten, praktikatu egiten da. «Maite zaitut», «maite zaitut» etengabean esaten dizunak, sarri-askotan, hurrengoan esango dizu «txakurkeria hori egin dizut, maite zaitudalako». Halakoetan, gainera, zeure burua defendatzen ahalegintzen zarenean, biktima papera hartu eta, entzuteko prest dauden belarrietara, zelako esker txarreko pertsona zaren zabalduko du. 

— Batzuek nahiko lukete, baina ez daukate euskalduntzeko aukerarik…

— Errenteriako afera beste hainbaten azkena baino ez da. Irun, Donostia, Barakaldo, Erandio, Galdakao, Eibar, Pasaia, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiak… Badakizu nondik atera dudan errekurtsoa izan duten oposizioen zerrenda hau? Afiliatuentzako propaganda eskuorrietatik. Aspalditik datorren estrategia da. Esango nuke 2005ean Bilboko Bertendona institutuko irakasleekin hasi zela. Orain, komenentziagatik, beste jatorri bat daukaten langileak aitzakiatzat erabiltzea, ondo zikina izateaz gain, ez al da gure hizkuntzaren gainbeheraren erruduntzat etorkinak seinalatzen dituztenei jokoa egitea? 

— Ezin al da, baina, hizkuntza politika integratzailea eta ez segregatzailea lortu?

— Hortxe dago koxka! Bost ogerlekoko berba horien atzean zer ulertu behar da? Denok erdara barruan integratu behar garela? Nork segregatzen du? Hizkuntza bat baztertzen duen elebakarrak ala hizkuntza bietan aritzeko gai den elebidunak? Baina, jakina, elebidunak garenez, zer kostatzen zaigu «denon» hizkuntzara batzea? Askatasun linguistikoaz hitz egiten dute eta, bai, hautua pertsonala izan liteke, baina ekintza soziala denez, euskaldunoi de facto galarazten digute. 

— Inork ezin die errekurtsoak jartzeko aukera ukatu… 

— Legeak aukera hori ematen du, baina legala den guztia ez da zilegia, ezta zuzena ere. Zergen ordainketa saihestea legala da, bitarteko legalak daude horretarako, baina ez da justua. Politika linguistikoa epaitegietatik egin nahi dute. Modan dago, antza, epaitegiak erabiltzea, zenbaitek beste bide batzuetatik lorrezina dutena posible egiteko. 

— Apartheid soziala pairatzen dutela diote…

— Hala sentitzen ei dira, gaur egun, gizonezkoak bazterturik, enpresaburuak diskriminaturik eta «katoliko» zuriak arriskuan… Badakizu zertaz ez den entzuten aspalditik? Diskriminazio positiboaz. Diskriminazio positiboak ez du bilatzen inor gailentzea, baizik eta menderik mende pairatu diren diskriminazioen ondorio larriak zelanbait zuzentzea. Berdintasunaz hitz egiten dute, baina aukera berdintasuna ez da gauzak dauden moduan utzi eta bakoitza konpon dadila tresna berberekin. 

— Ez dakit ondo dagoen hizkuntza politizatzea…

—Ez nahasi Politika, letra larriz, alderdikeriekin. Ba al dago ezer politikoagorik polis-ak, hau da, herriak, erabiliko duen hizkuntza baino? Hizkuntza hautu politikoa da. Despolitizatzeko temaren atzean hizkuntza gatazka ezkutatzeko ahalegina baino ez dago. Areago, gaur Aberri Eguna dela, hizkuntza gatazka ezkutatu eta, berarekin batera, nazio gatazka. Gainera, Korrikak mundu guztiari egiten dio gonbita, baina ez da mundu guztiarena, euskaldun eta euskaltzaleon komunitatearena baino. Euskararen aldeko borroka kontu ideologikoa da, adi!, ideologikoa, ez partidista. Begira zezaketen mezua idatzi duten gazteek ea ze nolako ekarpena egiten dioten euskarari, baina, antza, hori ez da inportantea, baizik eta botoa nori ematen ala ez dioten ematen arakatzea. Hori bai kontu partidista. Erritmo honetan, «despolitizatzeko» asmoz, VOXeko batek idaztea nahi izango dute… Eta solta sardexka hori! Herrenka ibiltzeak ez dizu odoloste guztia jateko eskubiderik ematen!

— Joño! zeozer egin behar nuen gaurko filipika aturatu bitartean! kar! 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA