sonia gonzalez

Zazpi

2025eko maiatzaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bat-batean ordenagailuak itzali ziren. Telebistek beltzera egin zuten. Semaforoek paso emateari eta kotxeak gelditzeari utzi zioten. Ikasketa zentroetan, ospitaleetan eta dendetan argiak amatatu ziren. Makinak, hotz-kamerak eta datafonoak gelditu ziren. Sare sozialetan «argindar etenaldia», «argindar mozketa», «itzalaldia»…

- Zelako txolopotea, neska! Hasieran pentsatu nuen gure etxeko arazoren bat zela.

- Denon modura.

- Baina fusibleak ondo zeuden. Arazoa da hemen, udara arte auzokiderik ez daukadanez, ez neukala nori galdetu ea gauza bera gertatua zitzaien. Iberdrolara deitu eta ezin konektatu. Udaletxera deitu eta berdin.

- Denon antzera. Ez al zinen Internetera sartu?

- Bai, jakina! Segidan! Eta arnasa hartu nuen. Argindarra joana zela. Lehenago edo beranduago itzuliko zen! Kar!

- Horixe diot nik! Kar! Badirudi jendea ez dela sekula egon argindarrik gabe!

- Hemen, gurean, oso gutxira arte, ia urtero gertatzen zitzaigun. Bizpahiru egun argindarrik gabe eman genitzakeen erraz asko. Eta neguan, joño! Hori bai putada galanta eta ez egunez eta udaberriko berotan.

- Baina ez esan entretenitua izan ez denik, e? «Ziber erasoa!», «Putin datooooor!»…

- Lortu egin dute. Iruditeria kolektiboan balizko gerrak gero eta puntu gehiago irabazten ditu. Etsaiak hortxe daude, zelatan, nahiz eta inork zehaztu ez eta inork ondo jakin ez zein izan daitekeen balizko etsai hori.

PAULA ROSON
PAULA ROSON

- Baina onena, benetan, komunikabideetako esatari, kazetari eta tertulianoak. Hasiera-hasieratik soseguari eta trankiltasunari eustera deiak. Behin eta berriro. «Egon trankil» esaten den bakoitzean, arrazoi bat gehiago ematen da lasaitasuna galtzeko. Kazetari gazte batek honelaxe zioen irratian: «Harrigarriki, Iruñeko kaleetan dena dirudi patxadatsu». Ez dakit zer espero zuen.

- Anabasa eta sarraskia! Kar!

- Berriro ere komunikabide eta politikarien artean lortu dute jendea horda basati moduan irudikatzea.

- Ikusi al zenuen Ayuso? Ejerzitoa eskatzen ari zen!

- Bai, bai, ikusi egin nuen. Militarrez jantzita! Horixe da gerra honelakoentzat, hainbestetan errepikatzen eta desiatzen duten hauentzat, modako osagarri bat, izan jantzian, izan diskurtsoan. Horixe da gerra, frontean sekula egongo ez direla ondo dakitenentzat…

- Gobernu estatalak 30.000 polizia eta guardia zibil atera zituen kaleetara, «modu prebentiboan», eurek esan bezala, nahiz eta gertaera aipagarririk suertatu ez.

- Eta, hurrengo egunean, denak herritarrak zoriontzen, gure jokabide zibikoagatik. Ze zorion eta ze zoriondo! Hurrengo baterako, hobe ez bagaituzue iraintzen eta ez baduzue jokatzen basapiztiak bagina bezala!

- «Segurtasuna» aipatzen dutenean, ez dute herritarron ongizatean pentsatzen. Herritarrak, denak, gutako bakoitza, etsaia gara. Eta halaxe portatzen dira kalera ateratzen dituzten indar armatuak. Pandemian denok bizi ahal izan genuen lehen pertsonan.

- Zorionak, arpilatze eta harrapaketarik ez zelako egon, neska!

- Ene! Bai? Ezin dut sinestu! Jendea, egunero bezala, nor bere etxera joan zela? Egundaino halakorik! Kar! Kapitalaren segurtasunean eta ondasun materialetan pentsatzen dute, gehienbat, «segurtasuna» ahoskatzean, ez herritarron ongizatean. Horregatik, argindarra joan eta ordu erdira jakin ahal izan genuen Madrilgo Salamanca auzoko dendak zarratzen hasiak zirela, badaezpada. Horixe albiste garrantzitsuena, kar!

- Gehien-gehienak kaos eta ikararen bila. «Beldurra, angustia eta zaurgarritasuna» laburbildu zuen esatari batek. Ez zuen jendeak mikrofono aurrean halakorik kontatzen, baina!

- Errealitateak ez diezazula albistea hondatu, kar! Badakizu zerk izorratzen nauen gehien? Beldur-ikaretan egon dela esaten duen andra nagusiren bat topatzen dutela beti.

- Lau katurengatik halako ospe exkaxa daukagu atso zahar guztiok, kar!

- Suposatzen dut kontua dela zelan bideratu erantzuna. Ez da berdin «beno, azkenean ez da hainbesterako izan» ala «beldurtuko zinen, ezta?» galdetzen hastea.

- Ez, ez da gauza bera.

- Beldurra, hondamendi naturaletan. Horien aurrean, izaki humanoa ez da ezer, baina, aizu, milurtekoak eta milurtekoak eman ditugu historian argindarrik gabe…

- Herenegunera arte, gutxi gorabehera, kar!

- Orain diote inork ezin zuela aurreikusi. Txilen, Brasilen, Indian, Kuban, Venezuelan, Zanbian, Hegoafrikan, AEBetako zenbait estatutan… halakoak hainbat herrialdetan gertatzen ari dira, hainbat arrazoirengatik. Gertaera zehatza eta momentu zehatza ez, jakina, baina CSICeko Antonio Turiel, adibidez, aspalditik dabil ohartarazten.

- Ikusi beharko da zein izan den energia enpresen erantzukizuna.

- Ene! Lehendakari jaunari aurpegia aldatu zitzaion galdera hori egin ziotenean, kar!

- Badakizu? Guk bero jan genuen. Butanoa daukagu oraindik! Kar!

- Eta batzuek gerrarako kit-a estreinatu ahal izan dute! Kar!

- Kit-ak gora eta kit-ak behera, honen erraz hasten badira kirioak dantzan, ez dakit nik, baina ez ditut gerra baterako prestaturik ikusten, kar!

- Pena, pena benetan, sanprontzioetan cash barik egon ziren horiek… kar!

- Koitadu halakoak, kar-kar-kar!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.