Pastor
Darwin eta gu

Taylor eta iraultza

2024ko otsailaren 10a
05:00
Entzun

Noren aldeko kanpaina egingo luke Taylor Swiftek EAEko hauteskundeetan: Imanol Pradalesen ala Pello Otxandianoren alde? AEBetako bozak izango dira aurton eta hango iritzi publikoa zain dago, kantari eta idoloak noren alde egingo. Antza denez, Biden hobetsiko du Taylorrek. Eta horrek, nonbait, milaka eta milaka swiftie gazte eta ez hain gazteren botoa bideratuko du. Gurean ere halako eragina izango luke Taylorrek, euskalduna balitz?

Sare sozialek abeslarien eragina eta oihartzuna handitu dituzte. Musika da boto emaile gazteengana hurbiltzeko bide eraginkorrenetako bat. Imanol Pradales EAJren hautagaia izango zela jakin ondoren haren soslaia argitaratu zuen La Vanguardia-k. Jeltzaleak zein musika duen gustuko azaldu zuen egunkariak: Benito Lertxundi, Fito, Xabier Lete, Bruce Springsteen, Hertzainak, Dire Straits… 60-70-80ko urteetan jaiotako musikatik at ez dago mundurik? Bazuen non eta zer aukeratu: Anari, Zea Mays, Britney Spears, ETS edo Imagine Dragons. Imajinatu Taylor Swift aipatu balu!

EAJren hautua ezagutu eta gutxira jakin genuen Pello Otxandianoren berri. Azken urteotan sorturiko musikaren zalea izango ote da EH Bilduren lehendakarigaia? Otxandiokoa dugu Otxandiano. Kontu bitxi bat idatzi zuen herri horren harira Andoni Egañak, egunkari honetan: Otxandioko herritarren oinetakoen maila ez da inon ikusten Euskal Herrian. Horixe adierazi zion zapatetan aditua den lagun batek, bertara kantatzera joan zen egun batean.

Otxandianoren oinetakoei erreparatuko diegu kanpainan? Musika arloan oso apurtzailea ez bada, zapatetatik zapatila edo tenisetara egin lezake jauzi hautagaiak, herritar gazteagoekin bat egiteko. Gucci, Salvatore Ferragamo edo Martinelli baztertu eta Converse eder baina ez oso garesti batzuk janztea nahikoa izango litzateke. Ez du zertan kezkatu. Ezkerretik kritikatuko duten lagun gutxi ikusiko ditu Lidl zapatilak oinetan.

Hala ere, bi politikariek Taylor Swift goratzea izango lukete aukerarik onena ikuskizunaren gizartean gazte jendea erakartzeko. Time aldizkariak 2023ko pertsonaiatzat jo du kantaria. Gaurko andrazkorik boteretsuena omen da. Abeslariaren karisma eta erakargarritasuna goretsi dituzte hedabideek. Eta itzala. Munduan barrena elkarretaratzeko eskatuko balie gazteei edozein aldarrikapen hedatzeko, milioika lagunek egingo lukete bat harekin. Seguru.

Boomer belaunaldiak bestela pentsatzen zuen gaztetan. Beste erritmo bat zuen. Arrakasta ondorioa zen lehen; gero, helburua. Juanjo Puigcorbe aktore katalanak halaxe deskribatu du: «Geure burua errealizatu nahi genuen, geure burua aurkitu. Arrakasta ez zen helburua, nork bere burua errealizatzea baizik, ezinbestean arrakastarekin zer ikusirik ez duena. Helburua hurrengo belaunaldian aldatu zen eta arrakasta izatera pasatu zen. Eta gero, erosteko ahalmenera. Ondoren, bizirik irautera eta orain, prekaritatera». Ez da komunista ortodoxoa izan behar horretaz jabetzeko –Puigcorbe ERCren zinegotzia izan dute Bartzelonan–. Eskuinaren ideologoek ez lukete arazorik izango haren iritziarekin bat egiteko.

«Programa, programa, programa», errepikatzen zuen Julio Anguitak. Hori aditu eta OT, OT, OT ulertzen dute millennial ugarik. Mundu garaikidearen seinale. XX. mendeko lehen urteetan iraultza egin nahi izan zuen taylorismoak kapitalismoaren ekoizpen sisteman. XXI. mendearen hasieran beste era bateko taylorismoa dugu, arrakasta askoz handiagoaren jabe. Iraultza txiki bezain tribalak ditugu orain behinolako Iraultza –ez, horregatik, inportantzia txikiagokoak–. Nork bere kolektiboaren edo tribuaren eskubideak defendatzen ditu. Hortik haratago... Iraultza? Che Guevararen aurpegia McDonald’s bateko ikonografian ikusiko dugu laster, Laulhère Vraie Basque txapel eta guzti. Aldatu da errealitatea. Antzinako eskubide kolektibo orokorren aldarrikapena zatikatu egin dugu. Indibidualizatu. Errua, ardura eta erantzukizuna ere bai. It’s me / Hi / I’m the problem / It’s me.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.