Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Urkulluren mirakulua

2013ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu eta bere belaunaldiko burukide bizkaitarrak duela urte batzuk marrazten hasi ziren zirkulua joan den igandean itxi dute, amestu zuten eran itxi ere. Xabier Arzalluz ordezkatzeko eta Joseba Egibarri aurre egiteko hautagai Josu Jon Imaz izendatu zutenean hasi ziren marrazkia egiten, eta Andoni Ortuzarrek EBBko buruzagitza hartu duenean osatu dute zirkulu perfektua. Ezta konpasarekin ere.

Mirakulua egin du Urkulluk alderdi barruan. Aurrez aurreko borrokarako, Egibarrekin muturrekoka jarduteko eta Juan Jose Ibarretxeri kontrapisua egiteko, Imaz jarri zuten. Doi-doi bazen ere, nagusitu egin zen Egibarrekiko lehian, baina Ibarretxerekikoan galdu egin zuen, azkenean, Imazek. Lehendakari abenturazaleari galga jartzen asmatu ez, eta, hari jarraitzeko prest ez zegoenez, Urkulluri txanda eman zion.

Bitan zatitutako alderdia hartu zuen Urkulluk, eta, barruko joera ezberdinak desagertu ez diren arren, lidergo homogeneoko alderdi batuaren irudia berreskuratu du EAJk. Ibarretxe gabe, Egibarren ildoa Gipuzkoako ildo bihurtu da. Eta EAJko buruzagitza inoiz baino bizkaitarragoa bihurtu da: Urkullu lehendakari, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaile, Ortuzar EBBko buru, Koldo Mediavilla alderdiko bozeramaile lanetan... Akabo, kanpora begira, behintzat, garai bateko (atzo bertako) barne liskarrak.

Gernikan lehendakari karguaren zina egin berritan Urkulluk Ortuzarri besarkada beroa eta luzea eman zionean, Ortuzarrek ezin izan zien malkoei eutsi.

Tradizioari jarraikiz, bi buru ditu berriro EAJk: buru instituzionala, euskalautonomierkidegotar guztientzat gobernatu beharrak eskatzen duen pragmatismoz jantzia, eta alderdiko burua, ideologia eta helburu jeltzaleen zaintzailea. Tentsioak sortu izan ditu beti eskema horrek. Carlos Garaikoetxearen eta Xabier Arzalluzen artekoa nola bukatu zen gogoratu beharrik ez dago. Jose Antonio Ardanzaren eta Arzalluzen artekoa ere ez zen erraza izan, baina ezkontzak luzaro irauten eta ondo bukatzen asmatu zuen, behintzat, Imazen eta Ibarretxeren artekoak ez bezala. Urkullurenak eta Ortuzarrenak ezkontza perfektua ematen du orain. Denborarekin ere hala izaten jarraitzen badu, lehenengo aldia izango da EAJren historian.

Gaur egungo kontestu politikoa duela hamar urtekoa baino askoz egokiagoa da Ibarretxeren planen antzekoetarako. ETAren jardunak abertzaleen arteko elkarlan estrategikoa ezinezko egiten zuen aurreko hamarkadan, eta, legez kanporatzeen ondorioz, instituzioetan abertzaletasunak ez zuen zegokion indarrik. Orain garbi ikusten da: baldintza horietan ez zegoen Estatuarekiko konfrontazio politikoan urrutira iristerik.

Orain baldintzak askoz aproposagoak dira, baina EAJko lema ondo heldua dutenak, hain zuzen, Ibarretxeren apustuekin oso deseroso zeudenak dira. Dena den, eta aho txikiarekin bada ere, konfrontazioaren aukera aipatu du dagoeneko Ortuzarrek. Zehaztu gabeko estatus berri horretarako bidean aurrena «konbentzitzen» saiatuko omen diren, baina «beste erremediorik ez badago», konfrontaziora joko dutela. Zaila dago sinesten, Madrilen ere ez ziren askorik izutuko, baina azkarregi da ondorioak ateratzeko, aspaldiko EAJrik kohesionatuenak Urkullu-Ortuzar tandemaren gidaritzapean zer norabide hartuko duen antzemateko. Konbentzitzen saiatzeko garaiaren lehen round-a, hilaren 30ean, Moncloan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.