Zoldarrik ateratzeko ere astirik ez genuen izan nerabezaroan. Nerabezarorik gabea izan zen gure belaunaldia. Nik behintzat hala sentitzen dut orain. Bat-batean egin genuen jauzi umetik gizontxora. Emakumeen berri ez dakit hainbeste, besteak beste bat-bateko jauziak adin modu horretan premiazko diren solasaldi amaigabe, eskutik heldutako pasiera eta gainerako galarazi baitzizkigun. Franco hildako urtean hamalau-hamabosturte geneuzkanak, hurrengoan hogeitaka genituen. Eta susmoa dut orduan irten gabeko zoldarrak orain direla azaleratzen. Horixe omen du makur zaharren arteko txolarteak:gertatutako guztiak, kontakizun oro, pasadizorik errepikatuenak… aspaldikoak direla.
Denboraren joanak ez nau kezkatzen. Bai ordea denbora joanari buruzko gure pertzepzioak. Zer sumatzen dugun urrun eta zer gertu, urruti-hurbil horiek salatzen baitigute, non dagoen muina gutariko bakoitzarentzat.
Egunotakoari begiratu bat eman baino ez dago. Gernikako bonbardaketarena, esaterako. Bihar beteko dira hirurogeita hamazazpi urte. Gerra zibila eta Gernika, gure belaunaldiarentzat, beti egon izan dira presente, baina oso urrun. Gernikako sua begietan argi kantatzen genuen izan ez genuen nerabezaro hartan. Urrun zegoen oso ordea, Gernika, eta urrunago zegokeen Joseba Elosegik gogorarazi izan ez baligu. Paradoxikoki orain dago inoiz baino hurbilago, sormengai eta memoria historikoaren berreskuratu beharreko parte.
Atzo ziren berrogei urte Portugalgo Krabelinen iraultza egunetik. Grandola ere kantatu genuen. Ordurako ez ginen ume gorri. Gizontxora heldu gabeak ginen eta izan ez ginen nerabeak ere ez ginen. Terralak jotako garaietan bizi ginen, zerbait entzun, erdia ulertu, guztiz emozionatu… Portugal, guretzat, ez dago hurbil, baina urruti-urruti ere ez. Eta horrek harritzen nau eta gogoetara bultzatzen. Gernikakotik Portugalekora baino urte gehiago joan dira Portugalekotik gaur egunera. Datu objektiboa da hori. Zergatik sumatzen dut nik bata denboraren leizean murgildua eta bestea, atzoko ez, baina herenegungo?
Joan zen ostiraleko istripuaren ondotik xerpek Everesteko kanpalekua uztea erabaki dutela eta iritsi zaigun berriak ere eman dit zer pentsaturik. Niretzat, atzo joan ziren Iñurrategi anaiak Pumorira. Atzo igo zen Martin Zabaleta Everest gailurrera. Eta Tximisten lehen espedizio hura ere herenegun ahalegindu zen tontorrera iristen. Datu objektiboek diote aitzitik, Gernikakotik Everesteko lehen saialdira hainbat urte pasatu direla ia Everestekotik gaur egunera. Urruti-hurbilen beste adibide bat baino ez da, atzoko BERRIAko artikulua janzteko erabili zuten argazki batek —hildako xerpa baten alaba ageri da bere gelan, ordenagailua aurrean, apalak liburuz, argazkiz eta dominaz beteak, paretetan paperezko tximeletak zintzilik— denboraren joana nik sumatzen nuena baino askoz ere handiagoa dela frogatzen badu ere.
Eta Iribar eta Kortabarriak Atotxan ikurrina atera zuten lehen aldi hura ere atzoko jotzen dut. Baina datuek diote Gernikakotik Atotxakora beste urte pasatu direla Atotxakotik gaur egunera. Baten aldea, hor nonbait. Huskeria.
Gernikakoa beti aspaldiko sumatu izanak ez nau kezkatzen, isilaldi behartuak ere izango zuen eta pertzepzio horretan erantzukizunik. Portugalgoa, Atotxakoa edo Everesterako lehen saialdi hura hain hurbil sumatzeak kezkatzen nau gehiago. Adin jakin baten salatari da zalantzarik gabe. Baina azken berrogei urtean denetik gertatu bazaigu eta halere garai haietakoak mugarri hurbil bazaizkigu, bete-betean aritu ez garen seinale dela pentsatu behar genuke. Eta espabilatzen hasi. Krabelin berriak landatu, bestelako gailurrak amestu eta ikur zaharrei zentzu betea eman. Oroiminak ez baitu jaten ematen.
Plazatik
Urrun-hurbil
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu