Barregarrikeria handiagoak eginak gara. Gure herri honetan ia dena izan da xextragai, eta horrexegatik harrigarria ere bada euskara batuak, iritsi ahala, izan zuen onarpena zenbatekoa izan zen gogoratzea. Batuak asko batu gintuen. Ez ordea, orduan ere, den-denak.
Ume harrapatu ninduen batuaren iritsierak. Bederatzi-hamar urte. Ez zen gure herriko euskaratik hain apartekoa eta erraz egokitu ginen. Baina h demonio hark zenbat buruhauste eman zizkigun! Non jarri eta non ez, irakurrita baino ez daiteke ikas. Eta guk, erreferentziarik ez genuen apenas. H-ak, tonbolan bezala, ia zozketaz jartzen genituen haseran, hemen bai eta han ez. Bazen, ordea, h ospetsu hura onartu ez zuenik ere. Joera ideologiko bati lotzen zioten. Eta iritsi ziren h-a komunisten hizkia zela esatera ere! Haurrak ikastolatik atera zituenik izan zen. Beste batzuek, berriz, mehatxu egin zuten, eta haien umeak h erabiltzetik salbuetsita geratu ziren. Inbidia ere pasa izandakoa naiz, nik gorriz betea «Izkurria» —diktadoari hala deitzen zitzaion garai hartan— eta mahaikideak urdin urdin.
Horregatik, orain irribarrea loratzen zait Oiartzungo guraso batzuk haurrari jangelan menu beganorik eskaintzen ez diotela-eta auzitegiraino iritsi direla jakitean. Ez dut iritzirik emango. Pentsatzen dudanaren laurdena jarriko banu, gorriz beteko lidakete idazlana.