Zergatik Marx eta ez Federici eta Zizek

BERRIA.
2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Iraganean esklaboak beti jakin zuen bera eta nagusia ez zirela berdinak. Kapitalismoan, aldiz, harremanak hain deformatuta daude eta trukea hain alienatuta, ezen historiako bi klase ezberdinenek kapitalak eta lanak berdinak baitirudite. Hori dela eta, Karl Marx ez zen Manifestu Komunistan geratu, non bi klaseen berri ematen baitzen, eta Kapitala lana idazteari ekin zion, fetitxismo horren eitea desestaltzeko asmoz. Horrela salgai-trukearen balioa eta langileriari lapurtutako gainbalioa azaltzera heldu zen. Adam Smith eta David Ricardo ez ziren gauza izan hori egiteko. Hain abstraktua zen kapitalaren indarra, hain ezkutatuta zegoen ekonomian. Marxek balio abstraktu hori azaleratu zuen, eta ekonomia kritikatu: gogora dezagun Kapitala ez dela ekonomia liburua, baizik eta «ekonomia politikoaren kritika», haren azpitituluak dioen moduan.

Kapitala nagusi zedin, metatze-prozesu bat beharrezkoa izan zen: herri-ondareak pribatizatzea, komunalak desagerraraztea, kolonizazioa, esklabotza, eta emakumeak etxekotzea ere bai. Azken gai hau ere salatu zuen Marxek: «sexu-harremana bera, gizonaren eta emakumearen arteko harremana, etab., merkataritza-gai bihurtzen da! Emakumea tratu-gai da». Eta familia patriarkalaren aurka ere jo zuen: «emaztea eta seme-alabak senarraren esklaboak baitira». Modu berean bertze zenbait lekutan. Beraz, Silvia Federicik ez du egia osoa kontatzen lan erreproduktiboaren inguruan, Marx desitxuratu nahian. Horrez gain, jatorrizko metaketa lantzerakoan Federici bidearen erdian gelditu da. Hori dela eta jarduten du hainbeste Federicik komunalen desagerpena deskribatzen. Hala ere, desjabetzearen bidezko metaketa-mota bat baizik ez da herri-komunen edo komunalen desagerpena. Marxek oso ondo zekien zer ekartzen zuten komunalen desagerpenak eta pribatizazioak, gaztetan landa eta baso komunaletan egurra biltzen zuten nekazarien alde izkiriatu zuen eta. Haatik, ez zen horretan geratu. Metaketa kapitalistan urrats bat gehiago eman zuen, trukerako merkantzien balioaren prozedura desestali arte. Horrela Kapitala idaztera heldu zen. Kapitalismoaren aurkako erasoan Federici eta Marx bi norabide ezberdin dira (horretaz luzez aritu naiz Jakin aldizkariaren azken zenbakian). Federiciren jarrera iraganeko operaismo edo langilerismoari lotuegi dago oraindik.

Bertzenaz, modako intelektualekin suertatzen da baliorik gabeko Marx bat aipatzen dutela. Hor daukagu Slavoj Zizek, bere burua marxistatzat hartu ohi duena. Bere lanetan, ordea, askotan Hegel aurkitzen dugu, gehiagotan Lacan eta gutxitan Marx. Egun batean Tsiprasen alde eta bertzean Trumpen alde, azken boladan ausartu da erratera alderdi errepublikano estatubatuarrean Steve Bannon liderra klase-borrokaren ordezkari dela. Halako adierazpenetan materialismorik eza sumatzen da erabat. Edozein antagonismo ez da klase-borroka, baina, Marxen balioa ahaztu duenez, hitzontzikeria (pos)marxista honek jada ez daki zer den langile-klasea, ezta klaseen arteko borroka ere. Urrun geratzen dira Parisko Komunaren egunak, non Marxek demokrazia proletarioa behatu zuen lehen aldiz, Kapitala-ren garaiko iraultza, emakume eta gizonek, lumpen eta proletarioek sortua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.