2016ra begira jarri dira Instagramen. Gaztetako argazkiekin eta orduan erabiltzen ziren filtro dirdiratsuekin busti digute urte hasiera. 2016an, karrera hasi nuen urtean, ezingo nukeen imajinatu Euskal Herriko txoko batean Frankismoa goraipatuko zuela nire ikasle batek.
Europan eta mundu osoan zehar dabilen mamua bestelakoa da gaur egun: faxismoa. Mamuak zirrikituak topatu ditu gure ikasgeletara heltzeko, eta antzuak dira noizbehinka matxismoaren edo arrazismoaren aurka lantzen diren tailerrak. Institutuetako korridoreetan entzun daitezke algoritmoek bultzatzen dituzten komentarioak; baina, behin klasean, ondo ikasita daukate zer esan behar den, onkeria horretan hezi baititu sistemak.
Nahiago nuke gehiegizko fikzioa balitz, non distopia batean bizi garen eta konbentzimenduz eta ilusioz jarrera horiei planto egiten dieten ikasleek salbatzen gaituzten. Tamalez, badakit istorio hau egia dela niri gertatu zaidalako, ikasle batek diktadorearen alde positiboak klasean aipatzen ez ditugula adierazi didanean. Ikasle guztien aurrean, zerbaitek sabela ziztatu dit eta eztarriraino heldu zait zalantza: gure eskoletan frankismoa zuritzen hasiko gara? Eskerrak utopian sinesten duten ikasle antolatuak baditugun eta irmoki ideia erreakzionarioei aurre egiten dieten.
2016ra bueltatu ahal izango banintz, kandelei putz egin nien une jakin hartara itzuliko nintzateke nire desioa aldatzeko: etorkizuneko eskoletan inork ez zezala frankismoaren laztura ukatu. 2026an, denboraren makina asmatu ez den honetan, hezkuntza sistemari eskatzen diot, Olentzeroren gutuna bailitzan, faxismoari aurre egiteko baliabide errealak behar ditugula gure eskoletan.