Aner Peritz-en Hizkuntza-komunitateen politikotasunaz (https://www.berria.eus/iritzia/arkupean/hizkuntza-komunitateen-politikotasunaz_2155296_102.html) testua irakurriz iruditu zait bera dela diskurtso baztertzaile eta polarizatu bat sortzen ari dena «euskal ezker antiwoke» baten aldeko defentsa balitz bezala interpretatzean azken asteotan suertaturiko euskal kulturaren munduko homogeneotasun ideologikoari buruzko eztabaida kritikoa baizik ez zena.
Elkarrizketa eta kultura pobretzen dituen homogeneotasunaren seinalamendu hori eraso gisa interpretatzen duela ematen du, eta ustezko antiwoke mugimendu batekin lotzen du, halako mugimendu antolaturik, berez, ez denean existitzen eremu euskaldunean. Aldiz, existitu existitzen den aniztasun ideologiko sanoa armairutik irtetera animatzen dutenek jarrera erreakzionarioa, antiwoke-a, antifeminista, homofoboa edo arrazista bultzatu nahi dutela ulertzen du modu interesatuan (lastozko gizonaren falazia), eztabaida itxiz eta hausnarketa zintzoa saihestuz, eskuin muturraren (edota «gizon zuri heterosexualen», euskaldunak eta ezkertiarrak izan arren) aurreko protekzionismoaren izenean.
Bere horretan, euskara ezkutu gisa erabiltzen du: beste batzuei euskara «instrumentalizatzea» leporatzen die, baina berak ere hala egiten du, berea jarrera legitimoa den bakarra bezala aurkeztean. Beraz, berak ere, «agenda markatu nahian», garbitasun ideologiko moduko bat bultzatzen du (adibidez, euskal proiektu politikoak transfeminista izan behar duela proposatzen duenean). Berarekin ados egon zein ez, berak ere «erreferente intelektual eta kultural posizioa» eta, beraz, «boterea» dauka. Bere usteekin bat ez datozenen iritziak baztertzea, homogeneotasuna bultzatuz, ez dut uste aberasgarria denik.
Euskal kulturak eta feminismoak ahots gehiago behar dituzte: aberastasuna ez da uniformetasunez eraikitzen, aniztasunez eta ideien errespetuzko trukeaz baizik. Ez batak eta ez besteak ezin dute sektore bakar baten jabetzakoak eta euskal hedabideetan ahots bakarra izan.