ZUZENDARIARI

Amaitu berri den mendi martxaren harira

Txumai Iturria.
Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxaren izenean.
2016ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Euskal Selekzioaren Aldeko aurtengo mendi martxa amaitu da. Iraun duen zortzi egunetan, 130 ibiltari inguruk parte hartu dute, eta ehun lagunetik gora aritu dira herrietan azpiegiturak prestatzen: ongietorriak, lotarako lekuak, dutxak, herri afariak... ehunka eragile eta norbanakoren atxikimendua jaso dugu: kirolariak, kultur eragileak, elkarteak, herritar xumeak, alkate eta zinegotziak...

Iragan ditugun herrien sostengua ere jaso dugu: Leitza, Areso, Betelu, Amezketa, Zaldibia, Ataun, Segura, Oñati, Leintz Gatzaga, Legutio, Otxandio, Murgia, Urduña... Zortzi egunetan, egundoko berotasuna, bultzada eta elkartasuna jaso dugu: txalapartariak, trikitilariak, bertsolariak, pilotariak, elektro-txaranga, kalejirak...

Egun hauetan, bertatik bertara atzeman dugu Euskal Herriko selekzioaren aldeko aldarriak oinarri sendoak dituela. Ofizialtasunaren beharra eta sentimenduak egunetik egunera geroz eta atxikimendu gehiago jasotzen ditu, eta horrek beste urrats batzuen beharra agerian uzten duelakoan gaude. Garaia heldu da gai honen inguruan zeresana duten kirolari, gizarte eragile, kirol federazio, instituzioak eta abar elkartu, eta bide orri zehatza adostu dezagun, denon erritmoak errespetatuz. Eusko Jaurlaritzak duela bi urte inguru plazaratutako txosten juridikoak garbi adierazten zuen bezala, Euskal Herriko Selekzioen ofizialtasunaren afera ez da juridikoa, borondatezkoa baino. Bestetik, gizarte eragileen arloan, Esaiten lekukoa hartuko lukeen herri mugimendu plural eta sendoa aktibatzearen premia begi bistakoa da.

Bien bitartean, guk geureari helduko diogu. 2017ko Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxa ate-joka dugu, eta prestakuntza lanak dagoeneko abian dira. Mila esker denoi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.