Aspaldi honetan EAEko Legebiltzarrean Ezker Abertzaleko parlamentariak jasaten ari diren hitz larri, irain eta mehatxuak amets gaiztoenean, eta egoera larrienean ere, ez nituen sinetsiko.
Harrigarria iruditzen zait beren burua abertzaletzat jotzen dutenek, EAJkoek, alegia, EH Bilduren suntsiketa iradokitzen dutenen aurrean pasibotasunez erantzutea, imintziorik gabe, euri lanbroa ari denean bezala, egonean geratzea ezer gertatu ez balitz legez... busti arte! Anomalia eta suntsiketa dira PPk lau haizeetara zabaldu dituen bi hitz, argi adierazten dutenak ezkerreko abertzaletasuna nola edo hala erditik kendu behar den etsaia dela EAEn, eta pasadan... Euskal Herrian, Nafarroan eta Iparraldean ere.
Nora zoaz, EAJ? Nire ibilbide politikoan, suntsitze hitza ez dugu sekula erabili arerio politikoaren inguruan aritzeko, eta kontu handia izan dugu beti abertzaletasunaren hedapena lantzean; noski Ezker Abertzalekook soilik ez garela abertzaleak, eta horrela izatea espero dut Euskal Herriaren mesedetan. Baina ez dut ikusten bide hori PNVko buruzagitza jorratzen ari denik. Azkenengo adibidea hartzen dut, nahiz eta beste asko badiren ere lehenagotik: Pradales jaunak anomalia eta suntsitze hitzak hausnartu ondoren, emandako erantzuna hitz hauen inguruan izan zen: «PP eta EH Bilduren arteko liskar itsusia legebiltzarrean, gertatu behar ez den zerbait, beren arteko gorabehera...».
Oso garbi daukat Ezker Abertzalekook nora goazen: independentzia lortzera Euskal Herria bera izan dadin, burujabetza politikoa eta ekonomikoa lortuz. Eta ez gaitu bideak beldurtzen, ezta denborak ere, neguko itxura hartu duen arren. Ni kezkatzen nauena da zer demontre egiten ari den EAJ: alderdi abertzaletzat du bere burua, eta PPren probokazioak gero eta bortitzagoak direnean abertzaletasunaren aurka, bera ez da seinalatua sentitzen, beste planeta baten balego bezala.
Badakit, herritar orok bezala, politikagintza ordu makurretan dabilela. Halere, Euskal Herriaren alde benetan egin nahi badugu lan, garbi eduki beharko dugu zein diren arerio eta zein etsai bakoitzaren estrategian. Eta Ezker Abertzaleak garbi adierazten du eguneroko zereginean nor diren etsaiak, hizki larriz jarriak: PP, Vox eta enparauak. Eta, zuri diotsut EAJ: hauei ezta urik ere!
Ondo gogoan ditut, ez ahazteko moduan, 36ko gerratearen ostean bizi izandakoak: era guztietako suntsiketak Hego Euskal Herrian. Desagertzeko arriskuan herria, eta iluntasuna nonahi: kultur mailan, langile klase mailan, euskararen inguruan... Euskal nortasunaren desagerpena oro har lurretik ezabatzeraino, zigor fisikoak ere horretan lagunduz. Harrotasun handiz hartu genuen gurasoen suziria gure eskuetan, altxorrik handiena izanda Euskal Herria zulo beltz hartatik ateratzeko.
Bada, orain, beste zulo batera eramango gaituenak bistan daude, eta ez dira ezkutatzen, harrokeriaz dabiltza jende gaztea engaiatu nahian. Eta estrategia horretan, Euskal Herriko instituzioak bozgorailu bihurtu nahi dituzte. Oso garbi ikusi dugu asteotan!
Galdera hau zuretzat, EAJ: kontuan hartu behar al dugu PPren ibilbidearekin ados zaudela?