Duela urte eta erdi hasi ziren Arrasateko Herri Eskolako lehen hezkuntzako eraikin berria eraikitzen. Urte askoren ostean azkenik ametsa egia bihurtzen hasi zen. Ilusioz hartu genuen notizia, borroka luze baten ondorioz Arrasaten Hezkuntza Publikoa indartuko duen eraikin berri bat irekiko da, eta gaur egungo leku faltaren arazoa arindu eta eskaintza publikoa handituko eta hobetuko da. Nahiz eta gure seme-alabek urte eta erdi honetan patioaren heren bat bakarrik erabili ahal izan duten, obrako zaratek inpaktu handia izan duten, eta maisu- maistra, ume eta familien egunerokoan aldaketak eta deserosotasunak ekarri dituen, eta nahiz eta kurtso amaiera honetan umeak prefabrikatu zahar batean duten jangela eta psikomotrizitate gela gabe geratu diren, obra aurrera eramateko ordaindu beharreko bidesari bat izan behar dela onartu dugu. Sakrifizioa egiteko prest azaldu gara bai familia eta bai maisu-maistrak nahiz eta ikasturtea baldintza prekarioetan igarotzen ari den.
Obra martxa onean doa eta uztailean bukatuta egotea espero da emandako hitza beteta. Datorren ikasturtea hasteko eraikina prest egongo da azkenean! Eraikina bai, baina barruko altzari eta materialak? Ez! Hezkuntza Sailak apirilean jakitera eman duenez, ez ikasle ez maisu-maistrek ez dute prest izango hornikuntza berria. Zergatik? Hezkuntza Sailaren arabera, dirurik ez dagoelako izan da. Ondoren «akats» batengatik hornikuntzaren erosketa esleipena atzeratu dela esan digute, eta ondorioz ezingo da eraikin berria bete. Ze irtenbide ematen du Hezkuntza Sailak? Ba egungo eskolako material zaharra, berrogei urte luze dituen material zaharkitua, eramatea eraikin berrira, eta berria iristen denean (iristen bada, gure zalantzak ditugu) poliki-poliki aldatzea. Hezkuntzaren ardura Erguin, Bedoñabe eta Musakola eraikinetan dagoen materiala berriztea izan beharko litzateke eta ez Musakolako eraikin berria material zaharrez hornitzea. Horren adibide, Erguin eraikinean ikasturte honetan Hezkuntzatik ez baitugu agindutakoa jaso.
Onartezina deritzogu Hezkuntza Sailaren utzikeriagatik eskola berri bat material zaharra berrerabiliz martxan jarri behar izatea. Ez al zen inor konturatu eraikin berri bat barrutik hornitu behar zela? Akaso ikasleek ez dituzte mahai, aulki, pantaila, arbela, armairu eta abarrak behar? Akaso maisu-maistrek ez dituzte ordenagailuak, mahaiak, apalak eta abarrak behar?
Dirurik ez izateagatik edo «akats» batengatik atzeratu izanak garbi erakusten du nora bideratzen diren Hezkuntza Saileko baliabideak: beste interes batzuetara. Baliabide guztiak publikora bideratuta egongo balira, ziur aski beste egoera baten egongo litzateke gure sistema publikoa.
Eskola komunitateko kideok ez gaude prest ikasturte hasieran egoera prekario baten hasteko. Egoera hau onartezina da.
Eraikin berria 2025/2026 ikasturtea hasi aurretik era egokian hornitzea eskatzen diogu Hezkuntza Sailari.
Gora Eskola Publikoa!