Zuzendariari

Basque Country & Euskaltel-Euskadi taldea

Martxel Toledo Garmendia.
Oiartzun.
2013ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Izanak eta izenak lagunduko digute mundu zabalean herri gisa hazten, nazioartean gure balioak ezagutarazi behar ditugu edota geurea defenditu behar dugu!!

Ez dira nire hitzak, Iñigo Urkulluk hedabideen aurrean esandakoak baizik, eta gogora ekartzen ditut, gaur-gaurko gaia batekin lotura dutelako.

Azken hilabetean Euskal Herriko hedabideetan azaldu den modura, badirudi Euskaltel Euskadi taldea desagertzeko zorian dagoela, arazo ekonomikoakdirela medio. Eta, ondorioz, profesional mailan Euskal Herriako txirrindularitzak egun duen talderik ezagunenak eta lehiakorrenak ez duela jarraituko. Eta bat-batean, Urkulluren hitz ponpoxo horiek etorri zaizkit burura, eta pentsatu dut Jaurlaritza prest badago 120 miloi euro gastatzeko Basque Country marka nazioartean zabaltzeko —hori da, behintzat, orain bizpahiru hilabete hedabideen aurrean marka aurkeztu zuenean esandakoa—, Euskaltel-Euskadi taldeari kantitate horretatik %2,5 emanez gero, agian, nazioartean gure balioak ezagutarazteko aukerarik emankorrena babesteaz gain, «geurea defenditu behar dugu!» esaldiarekin koherentziaz aritu baino ez luke egingo.

Baina, beste batek zioen modura, gauza bat da esatea eta beste bat egitea. Eta hori zailagoa izaten da, batik bat, konbentzituta baino gehiago zerbait justifikatzeko hitz egiten denean. Eta nik uste dut, oraingoan ere, tamalez, antzeko zerbait gertatuko dela, eta, ondorioz, hemendik aurrera, gure herriaren nortasuna, identitatea…, alegia, Urkulluk aipatutako balio horiek defenditzeko, guztiok pixka bat zailago izango dugula, finean, Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak euskal zaleei bizipoza emateaz gain, nazioarteari, Basque Country (Euskal Herria) existitzen dela adierazteko ere balio izan duelako. Eta ez da gutxi, batik bat ikusita horretarako ere Espainiak eta Frantziak ate guztiak ixten dizkigutela. Beraz, soilik ikuspegi horretatik begiratuta, merezi du taldeari laguntza eta babesa ematea, nire ustez. Baina ez soilik kasu honetan, baita beste hainbat kasutan ere, nazio ikuspegitik begiratuta laguntza horrek nazioartean aritzeko eta herri honen nortasuna eta identitatea aldarrikatzeko balio izaten duenean. Hori izan beharko lukeelako laguntza publikoa emateko exijitu beharko litzatekeen baldintza minimoa, alegia, talde edo kirolari gisa euskal herriaren ordezkaritza izatea eta hala aritzea.

Ea ba, aurrerantzean ere, esaldiak dioen modura, herri honen izanak eta izenak laguntzen diguten mundu zabalean herri gisa hazten eta, behingoz soilik, Basque Country izaten, hori baita euskal hiritar gehiengo handi batek amesten duguna: geure buruaren jabe izanik, herri aske eta libre bat izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.