Bi aste barru gutxi gorabehera, ikasturte berria hasiko da. Umeak eta nerabeak ikastetxeetara bueltatuko dira, gazteak unibertsitatera edo lanbide heziketara, formakuntzetara, eta beste batzuk, lanera. Eta urtero bezala, ikasle batzuk hasiko dira azterketa bat prestatzen.
Irakasleek esaten dute gure bizitza jokatuko dugula azterketa horretan, baina ikasturtearen lehen egunean 58 aldiz entzuten da azterketaren izena (ez da txantxa, iaz benetan zenbatu nuen, eta ikasgai guztietan ez). Esaten dute ez larritzeko, baina ikasturte osoa ematen dute azterketaren simulakroak egiten, eta ikasten den guztia azterketarako da. Egia da oso baliagarria dela azterketaren adibideak izatea, baina benetan beharrezkoa da guztia hori izatea?
Gaur egun ez da ikasten jakin-minarekin, baizik eta nota bat izateko, ikasten da probetarako, eta probetan informazioa botatzen da (agian ez da ulertzen ikasitakoa, baina buruz dakitenez nota izugarria lortuko dute). Orain helburu bakarra zenbakiak lortzea da.
Nahiz eta egia izan unibertsitatean sartzeko proba bat egon behar dela, agian hoberena izango litzateke beste modu batean egitea; adibidez, ikaslearen ibilbidea aztertuz, ez bakarrik egun bateko azterketa. Egia da Batxilergoko notak %60 balio duela eta gainerakoa dela azterketa, baina nire ustez ez da bidezkoa %40 lau egunean jokatzea. Eta geletan azterketarekin beldurra sartzea eta ikasleen etsaia dela sentiaraztea ez dut uste metodo onena denik.
Ez dut uste esan beharra dagoenik zein den azterketaren izena, nire ustez guztiok dakigu, baina hala ere esango dut: selektibitatea. Aurten egingo dudan azterketa. Azterketa hori egingo duzuenoi zorte ona opa dizuet, eta egingo ez duzuenoi zorte ona opa dizuet zuen ikastaroarekin.