ZUZENDARIARI

Ekarpen positiboa bezain mingarria

2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Apaltasun osoz zure minbiziaren berri ematen duzu Joan Mari eta nik zalantzarik gabe jende askorentzako lagungarri izango delakoan nago, niretzat ere horrela izan baita.

Nire lanbidea dela eta, psikologoa naiz, hainbat gazte lagundu izan ditut torturatuak izan direla eta pairatu dituzten ondorio mingarriei aurre egiten. Baina baita ere tokatu izan zait minbiziaren inguruan jende andanarekin lan egitea, eta aspalditxotik ondorioztatua neukana ziurtatzen didazue. Alegia, minbizia garatzearen azpian lau baldintza bateratu behar dira, minbizia ernaltzen hasi eta bere ernamuin gaiztoak argitaratzeko. Baldintza edo gertaerak dira: 1.Bat-bateko eraso bortitz eta hilgarria (goizaldeko ordu txikitan agertu ziren erasoka eta meatxuka zeure etxetik basatiki irtenaraziz). 2. Errudun sentimen sakon bat (zer bizipen gogorra jakitean zure familia, txikitxoak barne eta ingurukoak pairatzen ari direnak). 3. Disgustu, etsipen, atsekabe, frustrazio jasangaitza (zeurea zen dena eraman zuten, zeure urtetako lanak, idatziak... hau da, bilutsik utzi zintuzten) eta 4. Min iraunkorra, egoera tenkatua denbora luzez irauten duena (estres emozional deskriba ezina eta atsedenik gabea denbora luzean, bost eguneko inkomunikazio jasan behar izan zenuen, etengabeko erasopean eta gero hilabeteko atxiloaldia).

Beste idea bat bota nahi nuke, eta biktima edo ez-biktimena da. Neure kasuan, bi senide galdu ditut (ahizpa eta haren senarra) herbestean minbiziak jota. Noski, haiek ere egoera gogorrenean bizi izan ziren, eta ondorio lazgarriak denontzat —heriotzak barne— pairatu ditugu askotxok. Haiei laguntzen nenbilela askotan pentsatu izan nuen zein-nolako ondorioak ekarriko zizkidan egoera gogor, tenkatu horiek bizitzeak. Zenbat biktima herri honetan? Kontatu al litezke? Inolaz ere ez.

Eta zer egin orain? Bada... egiten ari zarena. Ahal den indar guztiak batu, adorea barne, eta ttipi-ttapa aurrera, duintasun osoz. Mina xamurtzen lagun diezazuketen baliabide guztiak zeureganatuz eta indartuz. Ez zaitut gorroto edo amorruz sentitzen, bai goxo, apal, lagunkoi, irekia eta, beti bezala, ekarpen positiboaz bizitza josten. Nire eskerrak, Joan Mari; sinestun naiz egoeraren berri nola eman duzun laguntzen gaituela momentu gogorrenei ere tinko, duintasunez eta irmo aurre egiten. Eutsi muttiko, herri aberats, argitsu honetan askok maite zaitugu.

Donostia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.