Koroa Biluzik taldetik honako gertakari honen berri eman nahi dugu: duela bi aste 58 urteko emakume bat Metro Bilbaoko hiru segurtasun zaindarik erasotua izan zen Plentziako geltokitik irteten ari zela. Gauez jazo zen, 22:20 aldera. Aurrez, zaindarietako batek trenean ikusi zuen aske arnasten, eta aurpegia maskaraz estaltzeko eskatu zion. Emakumeak, azkenerako, onartu. Geltokitik irtetean, hara non, hiru gizon bidea oztopatzen, azalpenik eman gabe. Hark ez zuen deus ere ulertzen, eta giza hesia zeharkatzen saiatu zen; irakasle lanaldia bukatuta etxera iristea baino ez zuen xede. Ez zen posible izan. Bortizkeriaz oratu eta lurrera bota zuen zaindarietako batek, besteek erasoa ekiditeko ezer egiten ez zuten bitartean. Ondorioz, hainbat lesio. Anbulantzia batean artatu behar izan zuten (geltokian zen herritar bakanetako batek hots egin zion anbulantziari). Mediku-partea atxikiz, salaketa jarri da.
Hau ez da maskararen derrigortasunaren harira Metro Bilbaon jazotako lehen oldarraldia. Ezin dugu honela jarraitu. Gobernuek oraintsu arte normal-normalak ziren jokabideak kriminalizatu dituztenetik, norbanakoak egoera oso zaurgarrian gaude. Inork aurresan balu, orain dela hiru urte, politikarien nahieran behartuko gintuztela aurpegia estaltzera, Iranen bezalatsu, zoroetxea non dagoen azalduko lioke batek baino gehiagok. Mundu honetantxe bizi gara! Oraindik giza eskubideen funtsezkotasunean sinesten dugunok maskaren dekretu oro ezabatzea eta maskarek eragiten duten osasun-kalteen berri gizarteari ematea exijitzen dugu; baita politikariek jendearen gorputz-autonomia inbaditzea eragotziko duten lege-neurriak ere.
Garraiobideetan erasoei planto! Gauez eta bakarrik zegoen emakume bat zauritu duen zaindariak jarrera kriminala besterik ez du erakusten, gure gizartean gaitzetsia den jarrera. Halako jokabidea duen segurtasun zaindariak ezin du hain kontuz ibiltzekoa den zeregin horretan jarraitu, adingabeak bortxatu izan dituenak haurrekin lan egin ezin duen bezalaxe. Amai dezagun behingoz amesgaizto hau.
ZUZENDARIARI
Emakume bat metroan erasotua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu