ZUZENDARIARI

Enpresa eta langilea gaur

Ingeniaria.
2016ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Joan den astean, BERRIAn, artikulu harrigarri bat irakurri nuen; gaia, Emilio Lopez Atxurra Petronorreko buruzagiak esandakoa. Haren ustez, «lan indar zurruna ez da kontseilari ona lehiakortasunerako» eta «enpresak behar dituenak: lana, formakuntza eta kooperazioa dira».

Jakin badakigu enpresa batek ekoiztu, saldu behar duela eta mozkinak behar dituela. Erretiroan sartu eta enpresa pribatuetan lan egin dugunok enpresaren funtzionamenduaz aski jabetu gara. Atxurra jaunak aipaturiko hiru faktore horiek —lana, formakuntza, kooperazioa— ezagutu ditugu eta uste baino gehiagotan abian jarri ditugu.

Formakuntzari dagokionean, enpresa batera lan egitera doanak, hasieran ez du lanari buruz ezagupenik edo teorian bakarrik. Ikasketak egin dituen eskolaren arabera lanaren ezagutza praktikoa ukan dezake. Praktika aroetan ikasleak zerbait ikas dezake maila guztietako langileen arteko har emanez.Behar den gainerako formakuntza denbora aurrera doan arabera jasoko du.

Lanari buruz, lanaren erritmoa kalkulatzen jakin behar du hierarkiak. Hau da askotan gertatzenez dena. Horregatik ingeniaritza ikastetxe batzuetan behargin lan praktikak egin behar ditu ingeniarigaiak, gerokoan langilearen lana ongi ezagut dezan. Edozein enpresatan buruzagi batek ezin dezake manera on batez agindu azpikoen lana zertan datzan jakiteke.

Kooperazioari dagokionean, behetik gorantz etorri behar du. Ekoizpenaren beheko mailakoek ongi ekoiztu ahal izateko behar dituzten tresnak eta gaiak, baita lanak ukan ditzaken oztopoak, aipatu behar dizkiete goikoei. Haiek orduan behar den guztia antolatzeaz gainera, saltzeko prezioa errealitatearen arabera kalkulatzen ahal dute. Kooperazioa enpresen artekoa izaten ahal da ere; maiz beharrezkoa da bi enpresek behin behineko elkarte bat egitea merkatu handietan presente izateko; filosofia horri jarraituaz hobea da «etsaiarekin» elkartzea eta ekoizpena saldu, bakarrik egonez saltzeke egotea baino.

Haatik, Atxurra zurruna hitzaren kontra agertzea nahiko kezkagarria zait. Zurruntasuna malgutasunaren antonimoa denez gero, enpleguaren malgutasuna gaurko enpresariek nahi dutela ulertu behar da: behin behineko kontratuak egitea, edo epe motzeko lanaldiak eskaintzea. Lanpostuen prekaritatea horrek ondorioztatzen du. Enpresari batzuek diotenez, behin-behineko lan kontratuek eragiten dute langileek lanari hobe eustea, bere lanaldia bukatu ondoren berri bat lortzea bermatzen baita. Nire ustez, hobe da enpresa batek behin betiko lan kontratu bat duen langile talde bat ukaitea, horrela bakoitzaren alde azkarrak eta ahulak ezagutzen dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.