Nafarroako Parlamentuan muturreko espainiar ultraeskuina, nafar eskuin ozpindua, jainkoa ta lege zarra eta ezker abertzalea elkartu zaizkigu ikastetxe pribatu itunduen defentsan. Harritzekoa bezain larritzekoa indar korrelazioa.
Guztiok jakitun gara ikastetxe pribatuen ituntzea Franco diktadorearen ostean zegoen jaiotza tasa handiei aurre egiteko Espainiako indar zentralistek sortutako inbentua dela, beste herrialde batzuetan halakorik ez dela existitzen, eta arrazoi berarengatik, noizbait eta behingoz sortu bezala agortuz joanen den eredua izanen dela.
Ikusi dugu asteotan alderdi eta sindikatu pribatuzaleak nola aritu diren kalean ere ikastetxeontzako diru publiko gehiago eskatuaz, baina, kontziente al gara gela itundu hauetako bakoitza nafarroi urtean 90.000 euro kostatzen zaigula? Noiz helduko da iturri hau progresiboki ixteko eguna?
Zaku berean agertu zaigu Nafarroako Ikastolen lobbya ere, ahotsa altxatuz lau haizeetara, 2026an Nafarroako ikasleriaren euskalduntzean arduradun bakarrak balira bezala solastatuz. Hara! Kooperatiba sare honek lurraldean euskara ikasten duten ikasleen %25 baino ez ditu hartzen eta! Baina medioak, alderdi politikoak eta hainbat sindikatuk apur horiei oihartzun guztia, beste %75a ahantzita.
Egunen batean ulertu beharko duzue ez garela duela 50 urteko egoera berean, eta ikastetxe pribatu-erlijioso, pedagogikoki eta inklusio aldetik zaharruno diren horiekin guztiekin batera lerrokatzeak ez dizuela onura handirik egiten, ezta espainiar eta nafar ultraeskuinak zuen salbatzailetzat ospatzeak ere.
Presioak alde askotatik izan ditu euskarazko irakaskuntza publikoak urteotan, atzokoa baino lehen jasan baititugu Zangozaldean, Tuteran, Lodosan eta Tafallan D eredu publikoa oztopatzeko saiakerak, eta ikastolen komunitatetik jasan ere. Ezin dezakegu hauek ezkutatzen jarraitu.
Ikastolok bi aukera dituzue hurrengo urteetan: ultraeskuin katolikoaren bazterrean eta babespean biziraun, ala publifikazioaren, herri kohesioaren eta herrigintzaren bideari heldu, Euskal Herri inklusiboagoaren eta segregazioa atzean utziko duen kalitatezko guztion hezkuntza unibertsalaren bidean.
Ezker posibilistak ere, ezkerreko politikak alde batera uzten dituenean lobbyen pribilegioen alde eta haien mesedetan aritzeko, herri honen zati handi bat ere bazterrean uzten ari dela jakin behar du. Euskal Herriak ezker ausart eta indartsua behar du, eta ez Vox, PP, UPN eta EAJrekin lerroka daitekeena.
Eta bestela, beti izanen duzue Aingerurekin Parisen mezara joateko beta.