Guk abertzaleok ezetz esan genion konstituzioari. Beste abertzale batzuk abstenitu egin ziren. Eskuina. Agian izua zegoelako. Gauza da gaur egun demokratatzat doazela Espainian alderdi politikoak, bakezaletzat dute beren burua, eta faltsukeria inperialista hori lau haizeetara zabaltzen dute. Naturaltzat barneratuz beraien indarkeria, mehatxua eta bortxa.
Konstituzioaren hirugarren artikuluak, gu espainiartzat iraindu eta gero, inposatzen du indarrez euskaldun orok jakin beharra duela gaztelera. Historiaren tunelean, inork ez daki zenbat milaka urtetan euskaldun elebakarrak izan garen hemen, lurralde honetan. Gure hizkuntza inbasore guztien aurrean defendatu dugu eta mirariz gaur arte iraun du. Bekaizkeriaz edo, etsaiak darrai gure askatasun ikurra den hizkuntza gorrotatuz. Guk zera esaten dugu: elebakar euskaldun izateko eta euskaraz bizitzeko gogoa dugula. Utzi gaitzatela gure seme-alabak eskolan hezten guztiz euskaraz, gaztelera eta ingeles hizkuntzak inposatu gabe. Gure gogoa irmoa da, ez dugu gure herrian ilegalak izan nahi frantsesa eta gaztelera ez jakiteagatik. Uste dugu, gaur-gaurkoz, euskal hiritarra izateko jakin behar dela euskara edo gaztelera. Euskaldun elebakarra askatasunez Euskal Herrian biziko dela ziurtatu behar dugu, indar armatu arrotzen mehatxurik gabe.
Euskal Herriko hiru herrialdetan boto abertzalea gehiengoa dugu, baina Espainiaren bortxak, konstituzioak, ukatzen digu erabakitzeko eskubidea edo autodeterminazioa. Gaur egun espainiar inperialismoak hor darrai, bere mamu atzapartzarrekin itxurak eginez, ezkutatu nahian.