Bilbo

Espainiari distira ematen dio Bilbok

2026ko martxoaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gabonetan eta merkealdietan herrietako jende andana dator Bilbora, turistez gain. Zazpikaleak ikusteaz gain —Somera (lehengo Goienkale), Artekale, Barrenkale…—, kale nagusiak zapaltzen ditu: Diego Lopez de Haro kale nagusia, Juan Garai kalea, Ertzilla kalea, Urkixo zumardia, Mazarredo zumardia, Castillo jeneralaren kalea, Concha jeneralarena, Heros… Eta zer dakigu izen horietaz? Ikus dezagun, bada!

Diego Lopez de Haro (1250-1310): Fernando IV.a Gaztelakoaren esanetara Bizkaiko jaurerrian kontrol militarra ezarri zuen. Fernando IV.aren maiordomoa eta alfereza izateaz gainera, Bilbori hiri sortze-gutuna (1300) eman zion. Nahiz eta Bilbo gutxienez 100 urte lehenago sortua izan, Nafarroako Erresumaren garaietan. Alonso Ercilla y Zuñiga (Madril,1533-1594): Espainiako Felipe II.aren morroia eta soldadua izan zen; ezaguna La araucana poema liburua idazteagatik: Araukar (Maputxe) menderakaitzen kontra espainiarren konkista eta genozidioa goraipatzen dituena. Jose Domingo Mazarredo Salazar (Bilbo, 1745-1812):  Espainiako itsas armadaburua eta almirantea izan zen.

Pertsonaia hauen ibilbideak ikusita, norbaitek pentsa dezake omenezko kaleak merezi dituztela Bilbon? Francoren garaian ulertu zitekeen, baina gaur egun ez.

Euskal Herri osoko gainerako herrietan zein hiriburuetan izen berberekin edota ezberdin gehiagorekin egingo bagenu, zerrenda hau askoz luzeagoa izango litzateke, den-dena espainiar eta frantziar erreferentziaz josita, euren nazio eraikuntzara bilbatuta.

Gure idiosinkrasia eta izaera gogora ekarriko dizkiguten kaleak merezi ditugu. Hori dela eta, alderdi politiko horiei honako galdera bi planteatuko nizkieke: Noiz kenduko dituzue Euskal Herriaren (Nafarroa historikoaren) zapalketan aritutakoen izenak kale izendegitik? Noiz jarriko dituzue Euskal Herriaren (Nafarroa historikoaren) alde aritutakoen izenak gure kaleetan? Esaterako: Errozabalgo bataila biak (778-824), euskaldunen garaipena frankoen kontra, Iruñeko erresumaren sorrera. Nafarroako Joana III.ari (Saint-Germain-en-Laye, 1528-1572) Testamentu Berriaren euskarazko itzulpena egiteko agintzeagatik, lehenengo euskara batua.  Agosti Xahori (Atharratze, 1811-1858): Euskal Herriaren historia, kultura, ohiturak babestu zituen.

Izen horiek eta askoz gehiago zain daude. Bada garaia gure kaleak garbitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA