Hondarribia

Euskaldunen biktimismoa auzitegien erabakien aurrean

2025eko abuztuaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikusi dut euskaldunen biktimismoa. Hainbat euskal alkatek eta zinegotzik publikoki salatu dute Espainiako Auzitegi Gorenak euskal administrazioan bezeroekin euskara erabiltzearen aukera legalak nabarmen murrizteko hartutako erabakia. 

Denok dakigu daukagun sistema judiziala Francisco Franco diktadorearena dela, hark oinordean utzitakoaren jarraipena. Sistema judizial horrek inoiz ez ditu kondenatu eta ez damurik ere egin frankismoaren pean epaileek egin zituzten bidegabekeriak direla medio.

Politikariek erantsi diote Palacio de Justicia del País Vasco. Ez dakit instituzioa zuritzeko ala gurea egiteko nahiarekin. 

Donostiako auzo xume batean jaio nintzen. Txikia nintzenean ez zen euskara kalean entzuten, baina euskara bizirik zegoen, zeren-eta baziren batzuk, «los vascos» deitzen genituenak, beren etxeetan euskaraz egiten zutenak. Euskaraz aritzea isun edo kartzelapeko zigorra zekarren. Euskarari eutsi zioten haiei esker bizirik dugu euskara orain. Jaramonik ez zieten egiten epaile frankisten erabakiei.

«Se acata pero no se cumple» esaten zuten garai hartan; hau da, «men eginez baina kasurik egin gabe».

Horixe bera egin zuen Espainiako Estatuak. 1980ko hauteskundeetan parte hartu arren, estatuak HBri ukatu egin zion espainiar legez zegokion dirua, nahiz eta legeak hala agintzen zuen. Ebazpen judizial guztiak HBren aldekoak ziren eta, hala eta guztiz ere, Espainiako Estatuak diru hori ez zion inoiz ordainduko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.