Administrazioan Euskaraz Taldea

Euskara meritua Nafarroako Gobernuan? Marketina besterik ez

Joseba Otano Villanueva
2025eko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekainean, Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak, iragarri zuen euskara meritua izanen zela 8.078 lanpostutan, hots: Nafarroako Gobernuko lanpostu guztien %45ean, irakasleenak kenduta (BERRIA, 2025eko ekainaren 25a).

Ez zuen dena kontatu. Lanpostu horiek betetzeko deialdi irekietan (barneko deialdiak ez direnetan) euskara meritu izanen da... baldin eta soilik oposizio-lehiaketaren sistema erabiltzen bada. Nafarroako Gobernuak, oro har, oposizioaren sistema erabiltzen du deialdi irekietan. Bertan, azterketa egiten da, eta ez da meriturik baloratzen. Oposizio-lehiaketaren sistema, oro har, Osasunbidean eta Foruzaingoan bakarrik erabiltzen da. 

Horren ondorioz, adibidez, 2025eko maiatzaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean hemeretzi lan deialdi argitaratu ziren, Nafarroako Gobernuko 1.016 lanpostu betetzeko, eta euskara jakitea ez da batere baloratuko, oposizio bidez beteko direlako. 

Oposizio-lehiaketa Osasunbidean eta Foruzaingoan bakarrik erabili ohi dela esan dugu, baina euskara ez da puntuatzen Osasunbideko lanpostu guztietan: eremu «ez-euskaldunean» ez (bai, ordea, beste hizkuntza batzuk), eta «eremu mistoko» lanpostu guztietan ere ez. Gainera, Parlamentuak atea ireki du Osasunbidean ere oposizioa erabiltzeko, eta beraz, oposizio bidez betetzen diren lanpostu horietan euskara ez baloratzeko.

Itxura euskaltzalea emateko marketin kanpaina honetan kea eta kea saldu dituzte, tonaka, baina benetako errealitatean kea aienatuko da eta gutxi nabarituko da aldaketa.

Beraz, ez dira arazo bakarrak Europako hizkuntzek euskarak baino tratu hobea jasotzea edo eremu «ez-euskaldun» izendatu zuten horretan euskara ez puntuatzea, ezta garrantzitsuenak ere, baina joera baten adibide dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.