ZUZENDARIARI

Euskarazko C1 azterketa, garestia eta zaila

Jesica Medrano.
2023ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Arabako HABEko arduradun hori: euskaltegi bateko C1 mailako ikasle bat naiz, eta gutun honen bitartez, jakinarazi nahi dizut ez nagoela ados C1 azterketaren alderdi batzuekin. Ez da nire iritzia bakarrik; izan ere, azterketara apuntatzeko epea hasi denez, gai horri buruz hitz egiten aritu gara ikasleen artean, eta gehienok gauza bera pentsatzen dugu.

Lehenik eta behin, azterketa garestia da oso. Errealitatea da ikasle gehienak garela langabeak, eta ikasle gazteak, beste ikastaroren bat egiten ari direnak. Nire kasuan, 40 urte ditut, langabezian nago eta bi ume txiki ditut. Ordaindu nuen diru pilo bat euskaltegian ikasteko, eta ez zait batere bidezkoa iruditzen berriro 40 euro ordaintzea azterketa egiteko deialdi itxian; eta deialdi irekian 80 euro dira. Batzuek ahalegin handia egin behar dute diru kopuru hori ordaintzeko, eta, agian, batzuek ezin dute. Orduan, kontuan izan beharko litzateke bakoitzaren gaitasun ekonomikoa prezioa zein den erabakitzeko. Gainera, beste azterketen aldean, askoz ere garestiagoa da; Eusko Jaurlaritzako goi mailako oposizioa egiteko, adibidez, 23,49 euro ordaindu behar duzu, ia erdia.

Azterketa, garestia ez ezik, nahiko zaila ere bada, batez ere idazlana. Nik ulertzen dut ondo komunikatu behar dugula, baina iruditzen zait ia-ia idazle batek bezala idatzi behar dugula gainditzeko. Azkenean, ez da hizkuntzaren kontua, baizik eta gaitasun ona izatea idazteko orduan. Onartuta daukagu horrela dela, baina azterketa ondo egiteko, ordu eta erdi denbora laburra da, gutxienez bi ordu eman beharko zenizkigukete errepasatzeko eta zuzentzeko, idazle onenek egiten duten bezala.

Bestalde, ondo legoke ahozko proban bi gai izatea aukeratzeko. Azterketara joaten garenean, ikasle guztiok pentsatzen dugu beti: «Ea zorterik dudan dagokidan gaiarekin». Emaitza suertatzen zaizun gaiaren mende dago, eta hori ez da egokiena. Denok dakigu gehiago gai batzuei buruz beste batzuei buruz baino, eta, gaia kontrolatzen baduzu, lasaiago eta egokiago argudiatzen duzu, bai euskaraz, bai gaztelaniaz. Azkenean, helburua da erakustea nola moldatzen garen hizkuntzarekin, ezta? Bada, hobeto egingo genuke gaia aukeratu ahal izango bagenu.

Bukatzeko, urtean bi deialdi oso gutxi da. Azterketa egunean, egun txarra badaukazu edo oso urduri jartzen bazara, beharbada emaitzek ez dute islatuko daukazun benetako maila, eta hurrengo azterketa egin arte sei hilabete itxarotea gehiegi da. Agian, Hizkuntza Eskola Ofizialean irekian egin ahal izango bagenu C1 azterketa, nahikoa izango litzateke; lehen posible zen, ez dakit zergatik orain kendu duten aukera hori.

Nire iruzkinak kontuan hartuko dituzulakoan, aldez aurretik eskerrak emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.