ZUZENDARIARI

Fukushimatik dator notizia

2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Aurreko asteko BERRIAn irakurri nuen: Fukushimako Namie hirian energia berriztagarria erabiliz hidrogenoa ekoizten duen instalazio handi bat egin dute, 220.000 kilometro karratuko eremuan: horren %80 eguzki panelek betetzen dute, eta panel horiek sortutako argindarra erabilita hidrogenoa ateratzen dute, elektrolisiaren bitartez. Hidrogeno kantitate handia ekoizten dute egunean: 150 etxetan hilean batez beste erabiltzen den elektrizitatea (?) sortzeko adina.

Norbaitek esango al digu egia? Gipuzkoako azalera osoa baino 80 bider handiagoko eremu batean egunean sortzen den energia behar da 150 etxeetako hileko elektrizitatea sortzeko? Zer dimentsiotako arazoaz ari gara hitz egiten?

Energiaren gaia presazko gaia zen duela hogei urte. Ez zen ezer egin, eta orain, nire iritziz, patxadako garaia da, prebentzio eta zuhurtasun-garaia, betiko enpresa erraldoiek gure ingurumen guztia xehatzerik nahi ez badugu. Nire aspaldiko esaldia da, dirua gozoa dela eztia bezala, eta eztira liztorrak laster heltzen dira eta ez dute galdetzen norena den.

Has gaitezen pilak kargatzen, batzuek informazio fidagarria ematen hasteko, besteok, informazio hori hartu eta baloratzeko (BERRIAk energiaz, kontsumoaz, trantsizioaz eta abar argitaratu duen udako seriea irakurtzeko modukoa da, adibidez). Herritarrok hasi behar dugu egoeraz kezkatzen, jabetzen eta erabakiak hartzen. Ezer baino lehen hasi beharko dugu pentsatzen gutxiago nola kontsumitu, Zarautz bezalako herri bat hornitzeko Gipuzkoa osoa eguzki-panelez bete behar ez izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.