ZUZENDARIARI

Gasteiz Antzokia

Gasteiz
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Gasteiz Antzokia Izaskun Arrue deituko dela iragarri zuen Gorka Urtaran alkateak elkarrizketa batean. Erabakiak hautsak harrotu ditu, eta sortu den eztabaidaren inguruan nire iritzia emango dut.

Hasteko, Lazarraga elkartea aintzat ez hartzea eta aldebakarreko erabakia hartzea akats larria izan dela uste dut. Halere, ez zait gustatu Arruek batuaren aurka izandako jarrera erabiltzea bere izen ona iraultzeko. Euskararen alde egindako lana eredugarria izan zen, eta ezin ahaztu klandestinitatean egin zuen lanak izan zuen garrantzia.

Nahiz eta gerora argi geratu den euskara batua ezinbestekoa izan dela hizkuntzaren normalkuntzarako, erabat zilegi zen garai hartan hori horren argi ez ikustea. Gainera, gaur egun badirudi batuaren alde bazaude ezin direla euskalkiak defendatu. Bi jarrera horien arteko orekaren aldekoa naiz ni. Andoni Urrestarazuk edota nire aitxitxa Josu Exeak lan handia egin zuten euskararen alde Araban. Baina euskara batuaren alde ez zeudenez, ez zuten behar adinako aitortzarik jaso. Euskararen aldeko lana ez da soilik batuaren aferan egin, eta hori aldarrikatzea ere beharrezkoa da.

Izaskun Arrue bezala, ama, amama eta aitxitxa euskaraz egiten ziren Brigidetako meza klandestinoetara joaten ziren. Euskararen arnasgune ezkutuak ziren frankismo garaiko Bitorixan. Eta arnasgune horietan berdin zuenzein euskara erabili, euskara baitzen lotura eta ez eztabaida.

Beraz, utz diezaiogun mesedez elkarri errua leporatzeari eta eseri gaitezen adostasun zabala izango duen izena jartzeko.

Gora euskara! Gora Gasteiz euskalduna!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.