Batzuei 2023ko urriaren 7an eskua joan zitzaien. Beste batzuei eskua joan zaie 77 urtez baino gehiagoz.
Hamasek eta Israelek iazko urriaren 10ean su etena sinatu zutenetik, bostehun gazatar inguru hil dira Israelgo armadaren tiroketen eta bonbardaketen ondorioz. Gainera, akordioan adostutako giza laguntzaren sarrera oztopatzen aritu da Israel, eta premiazko gaiak murrizten, hala nola elikagaiak, babes dendak eta botikak; Rafahko pasabidea ez du ireki ere egin. Hamasek ez du itzuli bahitu baten gorpua —Israelen bonbardaketa baten ondorioz lurperatua—, eta, jakinarazi zuenez, ez du aurkitzerik izan.
Hortaz, Donald Trumpek Netanyahu eta bere burua salbatzeko aurkeztutako ustezko bake planaren lehen fasea ez da bete. Orain, planaren bigarren fasea hastear da Trumpek aurkeztutako Gazaren berreraikuntza proiektuarekin, zeinaren arabera 100.000 hildakoren gorpuen gainean Dubaikoen tankerako luxuzko etxe orratzak eraikitzea aurreikusten duten inbertsio moduan, eta, Jared Kushnerrek adierazi duenez, «Israeli eta israeldarrei egindako kritikei aurre egin» eta «arrakasta katastrofikoa» (sic) biltzeko.
Ez zaie horretarako palestinarrei galdegin. Bistan da, genozidioaren ondoren, epe luzeko okupaziorako eta garbiketa etnikorako plana dela.