Astigarraga

Gipuzkoako futbol festa mutilena bakarrik omen da

Naroa Morales
2026ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Alebinen futbolaren festa», irakurri dugu titular batean. «Alebinen futbol jardunaldia», beste batean. Gertaera bera dirudien arren, ez da hala.

Aurten ere Realarekin hitzartutako klubetako 11 urteko haurrek parte hartu dute Gabonetako Alebin Txapelketan. Txapelketa asko zabaldu da klubaren webgunean eta tokiko prentsan, eta bertan eman dute partaideen, ordutegien, emaitzen eta zuzendaritza zein jokalari ohien ondoan jarritako irabazlearen berri. 

Tamalez, klub bereko neska alebinek ez dute txapelketa baliokiderik izan: haiena Zubietako jardunaldi batera mugatzen da. Lagunarteko hiru partida jokatu ondoren etxera itzultzen dira, eta ez dute partiduari edota emaitzari buruzko informazio publikorik argitaratzen, ezta irabazlearena ere; ez baitago halakorik. Eta ikusarazten ez dena ez da existitzen. Emakumezkoen futbolak gora egin duen arren, ez dute txapelketa berarekin gozatzeko aukerarik.

Arazoa ez da berria, eta kexak Realari eta Gipuzkoako Aldundiari helarazi zaizkie, erantzunik jaso gabe. Oinarrizko futbolean berdintasunik ez badago, ezinezkoa da maila gorenetan lortzea. Zoritxarrez, 2025ean tratu bera eta aukera berak eskatu behar izan ditugu gure alabentzat.

Realak emakumezkoen oinarrizko futbolarekiko duen diskriminazioa emakumezkoen futboleko oinarrizko mailatik bizi den desberdintasunaren icebergaren punta baino ez da. Izan dadila Reala eredu, eta Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Futbol Federazioak aukera berak bermatu diezazkiela futbolean arituz gozatzen duten haur guztiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.