ZUZENDARIARI

Grebara indartsu atera gara Gipuzkoako Grafikogintzan

2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Gipuzkoako grafikogintzako langileak, irail eta urri honetan egin ditugun lau greba egunetan, indarra, batasuna eta sektoreko hitzarmena defendatzeko borondate irmoa erakutsi diogu Adegiri. Esperientziak erakusten digu patronalaren aurrean lan baldintza duinak defendatzeko gogor borrokatu behar izaten dugula. Oraingoan ordea, aurrekoetan baino indartsuago atera gara, egoerak ere hori eskatzen baitigu.

Argi ikusi dugu mobilizazioak balio izan dutela. Adegik negoziazio mahaia blokeatua zuen, soldatetan eta lan eskubideetan galera handiak ezartzeko proposamen lotsagarri batean tematuta. Greba izan da, hasteko, ipurdia mugiarazi diona, hori baita enpresariek ulertzen duten lengoaia bakarra. Baina Adegiren xedea ez da aldatu. KPIaren oso azpitik dauden proposamenekin bueltaka aritzea da, sektoreko mobilizazioa baretzeko esperantzarekin. Horregatik jarraitu behar dugu borrokan, greba egun gehiago eginez.

Inflazioaren gorakada itzela gure soldatak jaten ari da. Baina lan kargak eta patronalaren etekinak markatik apartekoak dira. Eta Adegiri argi esan diogu Gipuzkoan 1.000 langile inguru biltzen dituen sektorean hitzarmen duin bat nahi dugula. KPIari lotutako soldata igoerak, lanaldiaren murrizketa, errelebo kontratuaren aplikazioa, ABLEak mugatzea, genero berdintasunean aurrera pausua nahi ditugu.

Fabrika handi eta txikietako jabeak enpresa itunen negoziazioak irekitzen ari dira arreta desbideratzeko, gu zatitzeko eta sektore mailako borroka ahultzeko. Greba eta mobilizazioak arrakastatsuak izan dira. Greba egunek %80ko jarraipena izan dute. Baina, urrats tinkoa eman dugulako, lan handia dugu patronalaren estrategiari aurre egiteko.

Ezinbestekoa dugu lantegi guztietara joatea, handietara zein txikietara, planteamendu borrokalari batekin, langileen batzarrak antolatuz, mobilizazio plan sendo eta bateratua demokratikoki onartzeko. Ekintzara jo behar dugu. Orain da unea: patronalaren maniobren eta xantaiaren aurrean ahalik eta batasunik handienarekin erantzutekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.