ZUZENDARIARI

Halako gehiago behar dugu; zorionak, Fagor!

Olatz Olaso eta Amaia Balda
Emun aholkularitza
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, Anton Abaddia saria Fagor Taldeari emateko ekitaldian egon ginen pasa den ostiralean. Fagor zoriontzea dagokigu beste ezer baino lehen, eta aitortzea urteetan Fagorren euskararen biziberritzean lanean jardun dutenak. Poztu gaitu ikusteak Fagorreko kide askorentzat Abaddia saria errekonozimendu bat ez ezik aurrera jarraitzeko bultzada bat ere badela.

Pentsatu nahi dugu sari honek Fagorri emango diola bultzada eta babesa hurrengo urteetarako bere buruari jarritako erronketarako, eta, Fagorretik haratago, sari honek balioko digula herri gisa euskara planei dagokien lehentasuna emateko.

Fagor Taldeko kooperatibetakoak bezalako esperientzia gehiago behar ditugu. Badaude egon, gutxienez hogeita bost urtean izugarrizko eginahalak egiten ari direnak euren enpresetan euskaraz lan egiteko, baina ari diren horiei batere meriturik kendu gabe, aitortu behar dugu gutxi batzuek asko egitearekin nekez euskaldunduko dugula lan mundua. Asko egingo duten asko behar ditugu, eta horretarako estrategia eraginkorrak eta bateratuak behar ditugu: arlo sozioekonomikoak heldu egin behar dio euskararen biziberritzean daukan erantzukizunari, gizarte eragileek babestu eta hauspotu egin behar dute sustapen hori, eta erakunde publikoek araua eta baliabideak barnebilduko dituen marko egokia eskaini behar diete enpresei.

Ez genuke bukatu nahi Fagorri eskerrak eman gabe. Bidelagun hitza oso erraz erabiltzen dugu sarritan, baina Fagor eta Emunen arteko harremana bezalakoak dira hitz horri balioa ematen diotenak. Fagorrek alboan gaitu euskara indartzeko prozesuan, behar duen horretara egokituz eta, era berean, iparra inoiz ahaztu gabe. Eta Emunek Fagor alboan dauka, esperimentatzeko prest, erabaki zailetan konfiantza emanez eta erantzukidetasuna egunerokora ekarriz. Elkarren konfiantzan oinarritutako harremanek lur emankorra eraikitzen dute eraldaketa prozesuetarako.

Eskerrik asko, Fagor, zorionak egindako bidearengatik. Patxi Saezen elefantetik Anton Abaddia sarira, balio dezala honek euskara planak behar adina hauspotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.