2026an nire sorterriak 500 urte beteko ditu udalerri independente gisa. Nik, berriz, 27 besterik ez. Baina ez dut ezer ospatuko ordurako ez dudalako nire jaioterria ezagutuko; izan ere, toki hartara lotzen nauten azken sokak moztu egingo dituzte. Kasu honetan, gainezka egiteko falta zen tanta udalerria bezain zaharrak diren baserrien eta auzoen suntsipena modu zeharo kontziente eta kritikoan bizitzea izan da. Eta horrek min handia eman dit, min mota berri bat: mendeetan zehar egon den espazioarekiko atxikimenduaren galera erabatekoa.
Agian hori sentitu zuen gure amak bere auzune azpiko landazabala eta errekastoak porlan azpian lurperatu zituztenean. Agian hori bera sentitu zuen gure amamak ere autobide batek herria erditik zatitu zuenean. Bada, baten batek pentsatuko du udalerriak hobera egin duela, biztanle asko hurbildu dela gurera, eta hein batean arrazoia izan dezake. Baina gaur egun, sinesgaitza zait Basque Country eta bere antzinako idiosinkrasia goraipatzen dituen alderdiak guztiona den ondarearen txikizio planifikatua burutzea, milioi euroko etxebizitza ez-jasangarriak eraikitzeko promotore gutxi batzuen poltsikoen mesedetan.
Daitort, hori bereziki ahalkegarria suertatzen zait udalerriaren 500. urteurrenaren ospakizunetan murgilduta daudenean eta aldi berean etxebizitzaren krisialdi bortitza pairatzen ari garenean. Ze, irakasle on batek esaten duen moduan, «geurea hiria da, herria izan barik».