Idatzi hau sinatzen dugun bi lagunok hizkuntza eskubideen urraketa larria pairatu genuen abenduaren 5ean Durangoko udaletxean. Hain zuzen ere, Durangoko udaltzaingoan espainolez egitera behartu gintuzten. Eskaera bat egitera joan, eta ez ziguten eskaera gure hizkuntzan, Durangoko berezko hizkuntzan, bertako hizkuntza koofizialean, euskaraz egiten utzi.
Euskaraz berbetan hasi eta «no, en español», esan zigun harrerako udaltzainak. Guk euskaraz segitu genuen, eta berak «no, en español»; guk, harrituta, orduan: «Zuk ez badakizu egongo da euskaraz dakien norbait, ezta?». Eta berak erantzun: «No, yo y en español». Euskaraz ekin genion berriro ere: «Baina egongo da nor edo nor euskaraz...». Eta udaltzainak berriro: «No, conmigo y en español». Hau horrela, eta eskaera egiteko behar larria genuenez, gure borondatearen kontra, espainolez egin behar izan genuen. Euskararen kontrako azken oldarraldi judizialaren aurreko udaltzain hauek jakingo dute euskaraz, ezta? Agian euskaraz jakin bai, baina ez dute egin gurako?
Udaletxean buruko min txiki batekin sartu eta handiago batekin irten ginen, behar baino galdera gehiagorekin, eta bereziki gure herrian gure hizkuntzan egin eta bizitzeko ezintasunak eragindako minarekin. Baina samin honek ez gaitu geldiaraziko, eta ez dugu horrelako eskubide urraketa gehiago onartuko. Eta, beraz, Durangoko Udalari exijitzen diogu neurriak har ditzala udaltzaingoa euskalduntzeko eta euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzeko. Euskara biziberritzeko politika berriak beharrezko direla ikusten dugun garaiotan, euskararen aldeko ohiko argazki soilak ez dira nahikoa. Euskaltzaleok ekiteko garaia da.