Bilbo

Omar Lozano gogoan

Agus Perez
2025eko irailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain gutxi jakin dugu Omar Lozano kubatarra zendu zela. Bere herriarekin eta iraultzarekin beti konprometitua, Txekoslovakia komunistan egona, Angola eta Etiopiako gerretan zaildua, Iraultzaren Defentsarako Komiteetako kidea. Sobietar Batasunaren osteko aldi berezian Euskal Herrira etorri zen hemen jada erabiltzen ez genituen autobus zaharren bila.

Gizon estoiko, beti argal, erretzaile porrokatua eta hitz gutxikoa, baina umorea ere bazeukana.

Kubako errealitate gordina dela kausa, bere semea Estatu Batuetara joan zitzaion. Alaba, aldiz, Haiti birrinduan ibili zen kooperante gisa. Oraingo alargun Vibora auzoko gatz eta piperra izan da betidanik eta espero dugu horrela jarraitzea aurrerantzean ere.

Omarrek Rita Montaner brigada internazionalista koordinatu zuen, Habanako Paquito Rosales eskola margotzen genuen bitartean (bide batez esanda, Rosales izan zen Kubako lehen alkate komunista, eta Batistaren sikarioek hil zuten). Brigada hartan parte hartu genuenok ohore handitzat dugu Omar Lozanoren esanetara jardun izana. Ez adiorik, compañero, gure bihotzetan zaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.