ZUZENDARIARI

Irakaskuntza katoliko desitundua?

Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataformako kidea.
2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Eliza katolikoko kideek haurrei eginiko sexu-abusu kopuru beldurgarriak asaldatu egin du, nola bestela, gure gizartearen gehiengo handi bat. Pederastia kasu hauek orain ari dira, zorionez, azaleratzen eta argitara ateratzen, baina gertatu, gertatu izan dira beti. Une honetan, gizarte-heldutasun nahikoa dagoen honetan, iritsi omen da garaia kaltetuak sufritutakoa salatzen ausartu daitezen sozialki estigmatizatuak izan gabe. Hala ere, kritika publikoa, gizartearen gaitzespena eta sexu-erasotzaile horien erakunde edo taldeekiko arbuioa ez da behar bezalakoa izaten Eliza katolikoa tartean denean. Antza, Vatikanoko itzalak zabala izaten jarraitzen du.

Duela gutxi ezagutu ditugu adin txikikoei egindako sexu-erasoen kasu berriak, oraingoan Deustuko salestarrak ikastetxean. 30 kasu baino gehiago, oraingoz, beste horrenbeste salaketa bihurtu direnak. Deustuko salestarrena, ordea, ez da salbuespena. Ikastetxe katolikoetako kideek haurrei egindako sexu-abusuen kasuak Euskal Herriko geografia osoan zehar zabaltzen ari dira. Aipatu dezagun, besteak beste, Leioako Gaztelueta zentro ultrakatolikoan adingabe bati sexu-abusuak egiten zizkion irakasleak, Gasteizko San Viator eskola «ospetsuko» irakasle pederastak, Indautxuko jesuitak... Baina delitu horiek jazartzean Justiziak duen eraginkortasuna eta utzikeria ez dira artikulu honen arrazoia. Haratago joan nahi dugu erantzukizunei dagokienez. Lehenengoa, gehiegikeriak egin dituzten irakasleen arduradun zuzenak diren zentro horien zuzendaritzena. Patroi berarekin jarduteko joera izaten dute: lehenik eta behin, gauzak ezkutatzen saiatzen dira, gero, argitara ateratzen direnean, ukatu egiten dituzte (hala behar izanez gero, 3 aldiz), eta, ondoren, abusuak estaltzea ezinezkoa denean, aitortza egin eta zinikoki barkamena eskatzen dute, sinisgogor azalduz, harrituta...

Bada, ikastetxe horiek guztiak diru publikoarekin finantzatzen dira, Hezkuntza Sailaren aurrekontuetako diruarekin. Guztiok ordaintzen dugu, guztion artean. Eta gure EAE honetan, hezkuntza segregatzaile erlijiosoaren eredu hori zabaltzen duten ikastetxeen kopurua ehundik gorakoa da. Neurriz kanpoko zifra bat Estatu akonfesional batean bizi garela kontuan hartuta. Beraz, horra gure galdera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko titular eta ikastetxe horien finantzaketaren arduradun nagusia den Cristina Uriarteri: zer egin behar dute Uriarte andreak eta bere gobernuak, hain zuzen ere, urteetan zehar delitu oso larriak gertatu diren (eta horien berri izatea onartzen duen zuzendaritza duten) diru publikoarekin sostengaturiko zentro horiekin? Zer egingo dute Uriarte andreak eta bere gobernuak? Salestarrekin, adibidez. Cristina Uriartek erantzunik ez duela emango sinetsita gaudenez, geuk egingo dugu: ezer ez. Urte hauetan guztietan bere karguan aurretik egon direnak bezalaxe, ezer ez. Tira, zerbait bai. Beste alde batera begiratu eta ikastetxe erlijiosoak diruz hornitzen jarraitu. Gizarte zibilak irmoki exijitu beharko lioke Eliza katolikoari sexu-delitugileak estaltzeari utz diezaion, orain arte egin duen bezala; eta Cristina Uriarteri, berriz, zentro konplize horiek finantzatzeari utz diezaion. Txakur ametsak? Ziur aski, Jainkoa alde dute eta, batez ere, itun ekonomikoa gobernuarekin. Gure esku dago gauzak aldatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.