Irun

Irauteko irun

Ainara Maia Urroz
2024ko martxoaren 24a
05:00
Entzun

Zibilizazio berri bat amestuz idatzi zuen frantsesez 2002. urtean Jean Ameztoi beskoiztar sinestunak. Lehenago ere saiatu zen Joanes Leizarraga euskaraz idazten Euskal Herri osoak uler zezan, eta iragan martxoaren 10ean Beskoitzera joan ginen periferietatik injustiziaren bihotzera, erdigunera.

Non eta mugan juntatu dira Beskoitze eta Zangozako ikastolak, Balmasedako Zubizaharra, Lodosako Ibaialde, Sohütako Eperra eta Vianako Erentzun, baita Tuterako Argia eta Oiongo San Vicente ere, elkar adoretzeko eta, era berean, omenduak izateko, aitzina segitzeko bizirik euskaraz.

Zortzi ikastola eta zortzi herri desberdin eta antzeko, Euskal Herriko periferian, baina ez Euskal Herritik kanpo. Non eta mugan, herria egiteko sortu ziren ikastolak, eta ama euskarak badaki nola gu seme-alabok elkartu, batera bizitzen segitzeko. Azkenaldian hezkuntzak eta euskarak Espainiatik eta Frantziatik pairatzen dituzten trabak dira ikastolei sartutako labankadak, baina Beskoitzeko besarkadaren elkartasunak eta batasunak min denak kenduko ahal ditu!

Non eta mugan, herriek miresmenez begiratzen diote erdiguneari, eta, era berean, erdiguneek periferia idealizatzen omen dute. Gure arteko sarea indartzea eta ehuntzea da irtenbidea kanpotik datozen oldarraldien aurrean, eta aitzina segitzeko sare hori irun beharra dago etengabe. Bizirik irauteko irun besterik ez dago eguneroko lanean, irun elkarren arteko sarea, euskara den hariarekin.

Non eta mugan bildu gara, Beskoitzen, elkar adoretzeko (edo ahalduntzeko), eta iruten segitzeko, irauteko irun beharra baitago, eta Irun da orain harro herri honen bihotza, Baionara bidean gorpuztuko den ehuna, tipi-tapa hamaika egunetan, herriz herri, mugatik mugara, periferiatik erdigunera. Edo ez. Agian ez dago mugarik, eta denok gara erdigune eta periferia aldi berean, denok gara bat euskara den hari ikusezin honek ehundurik, irundurik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.