Donostia

Itxuraren politikaren aurrean

Jon de la Peña
2026ko apirilaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenaldian bizitzen ari garen polarizazio ideologikoak agerian utzi ditu gure herriak dituen beharrak, eta beharren inguruan gure komunitateko zenbait antolakundek egiteko dutena. Adibide nabarmenena gazteen kasuan aipa daiteke: itxurazko politikaren fenomeno erakargarri hori. Itxurazkoa, gizabanakoaren beharrak bigarren mailan uzteko joera duten taldeak direlako. Garrantzitsuena, hortaz, taldeari atxikitako azaleko estereotipo horretara egokitzeko gaitasuna da.

Ondoren, gure komunitateak dituen arazoen inguruko eztabaidagaiak datoz: etxebizitza duina, lana, osasun sistema publikoaren egoera... eta abar. Esan beharrekoak lider gorenak aipatzen dituen leloak dira. Buruz ikasi, ispilu aurrean zenbait antzezlan egin eta kalera irten, pankarta luze bezain huts baten atzean oihuka errepikatzeko. Non dago, baina, hainbestetan errepikatzen den borroka hori? Zer da, beraz, borroka? Iritzi kritikorik gabe, benetako borroka egin daiteke edo gutxi batzuen interesen zerbitzura lan egin?

Denok izan dugu nortasun bat finkatzeko beharra gure bizitzako etaparen batean, gainontzekoen aurrean adoretsu erakusteko premia horri lotua, nolabait. Nerabezaroan ohikoa den beharra gizataldeak onar zaitzan. Bide horretan, erreferenteak hautatu beharrean, badira ereduak hautatzea nahiago izaten dutenak. Hau da, mugak finkatzen dituzten ustezko erreferente horiek. Bizi osoan zehar nerabezaroko etapa horretan bizitzera kondenatzen dituztenak. Bitartean, komunitateko ahulenen defendatzaile sutsuenak direla pentsatzen dute. Heroiak izango balira bezala, suntsiezinak. Errealitatean, ordea, biktimak dira. Haiek erreferentetzat hartu dituzten eredu horien txotxongilo, alegia. Masak kontrolpean edukitzeko gai diren horien morroi. Estereotipo jakin batean bahiturik egotera kondenatuak, beren burua lelo horiek hitzez hitz errepikatzera behartua ikusten dutenak.

Bide horretan, beraz, norberak argi eduki behar du norantz jo nahi duen, eta baita nondik datorren ere. Euskadin, etengabeko eraldaketan dagoen garai honetan eta bizikidetza mehatxupean jarri nahian dabiltzan horien aurrean, abertzaleek, gure arbasoek, irakatsitakoari jarraitu behar diogu, gure herriaren askatasuna baita helburu. Hala ere, hori ez da posible izango ideiak, iritziak zein inposaketaren bitartez irensten diren leloak noizbehinka zalantzan jartzen ez badira. Horrenbestez, garrantzitsua da erreferente eta eredu kontzeptuen inguruan argi edukitzea nork heda ditzakeen aukerak edota ikuspegiak, eta nork ezkuta ditzakeen aukeraz jositako etorkizunaren argi izpiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA