Tolosa

Joxi eta Joxean

Axun Lasa
2025eko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

1995eko ekainaren 21ean Tolosako hilerrian esan ezin izan zizkiguten hitzak:

Zuei

«Izarren hautsa

egun batean

bilakatu zen

bizigai...».

Antsi sakon batek

amaren erraiak

urratu zituen

haur minetan

eta

mundura emeki

jauzi huan.

Bular epeletik

dastatu huan

mama goxoa,

beso artean

magal zabalean

lo etsiak hartu hinduen.

Seaskaren kulunkan

haur kantak

dantzatu hituen

eta ia ohartu gabe

mutil koxkor

bilakatu.

Oraindik galtza motzetan

eskola bidean

belaunak urratu hituan.

Goiztiar

gazte egin hintzen

amaren begietan

kuttunen artetik kuttunena hintzen.

Hire begirada

lotsatia Joxan,

irrifar zintzoaz

jazten huan.

Hire mintzoak

Joxi,

pozkaioz blaitzen zian

lagunarteko solasa.

Bihotz minbera huan Joxi,

bihotz biguna Joxan,

herriminak jo hinduan

gau ixilean

deserriratu hintzen.

 

Eta halako batean

otso beltzak

lapurtu zian

gaztetasuna.

Madarikatzen diat,

mila bider madarikatzen

egun hura.

 

Non hago Joxi?

zein larretan

dirau bizirik

hire anima

Joxan?

 

Mintzo hadi lasai

ez hadi kezka

denok hemen gaudek

hartzak atseden.

Loreak ekarri dizkiagu,

hemen dituk gurasoak

hemen dituk senideak

hemen dituk lagunak

hemen gaituk herkideak.

Hago lasai Joxan

hartzak atseden Joxi

Inork ez dik hutsik egin nahi izan!

Hago lasai!

 

Kontaiguk

zer kolore dik zuen zeruak?

urdinez margotu diagu guk.

Etzekiat,

txuria, gorria…

etzekiat.

Kontaiguk,

gogoratzen al haiz

ipuin haietaz

eta hik galdetze huan

nortzuk ziren

ipuinetako pertsonaiak

eta orain

zuen zeru goian

jolastu al haiz

Basajaun, Tartaro eta lamiekin?

Mari anderearen adats horiekin?

 

Kontaiguk

zelan dituk Lizardi eta Xalbador?

Maitemindu al duk Lazkao Txiki?

Zer ziok Telesforok?

Argala ikusi al duk?

Txikia-k ere hor nonbait behar dik izan.

Goraintziak Txirritari!

 

Sua eta Ura

Joxi eta Joxan

ura eta sua

Joxan eta Joxi.

Egun hauetan

suaren gainetik

dantzatuko diagu

ur berritik

edango diagu

San Joan San Joan

uda etorri

eta negua Joan.

 

Eta gure azken hatsa

emango dugunean

zuen artean

hartu gura genuke atseden.

Agur Joxi

agur Joxan

azken

egun handirarte.

 

Poema hau, gure auzokide eta lagun handia den Anttonek idatzi zuen, gure senideak lurperatzeko egunean familiari eta lagunei eskaintzeko asmoz.

Ez zen posible izan eta arduradunak daude, zer dute esateko?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.