Zuzendariari

Juan Mari Bandresi: In Memorian

2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Zure heriotzak oroimen asko eta desberdinak sortu ditu: giza sentimenduak, alderdi politikoenak eta abar. Nire oroimentxo hau sentimenduetatik bideratu eta idatzi nahi nuke.

Gure lehen harremana profesionala izan zen. Abokatu zinen, baina, hasiera-hasieratik profesiotik haratago, gizaki orok sakonean duen izate hori aurkitu nuen; azken batean, beste gainontzekoak sakontasun horien gehigarriak baitira.

Esku zabala, harrera errazekoa, beti laguntzeko prest, balio horiek ziren zure bereizgarriak. Zure langunena ere, idazkaria barne, hainbeste maite genuen Mari Bel anderea, gune ezin egokiagoa zen garai hartako kezkak, torturak, epaiketak eta mila gauza azaltzeko. Baikorra zinen, eta, betiere, gertakari ilun guztiei argia aurkitzen zenekiena. Zurekiko izan ditudan harremanetatik garrantzitsuena Burgosen eginiko epaiketarena da. Gogoan dut 20 urteko kondena 10 urtera jaistea lortu zenuela eta bukaeran besarkada adiskidekor batean elkartu ginela. Epaiketa aurretik ere zeru lurrak mugitu zenituen Elizak nola edo hala protesta ager zezan, baina, ezertxo lortu ez arren, aurrera egin zenuen.

Gero ere, erabaki gogorrak hartzerakoan, lagun senti zintudan, eta eskertu nahi nizuke kartzelara ikustaldia egitera etortzen zinenekoa ere, gizartearen eta familiaren bitartekari fina baitzinen. Elkarrekin izan ginen kartzelatik atera eta Amnistiaren Aldeko Gestora sortu genuenean. Han ere fin.

Herri honek asko zor dizu. Mila esker, Juan Mari, eta adiorik ez; oroimenean izango zaitugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.