ZUZENDARIARI

Lotsagarria iruditu zait, Miren

2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Lotsagarria iruditu zait, Miren Gorrotxategi (eta Ahal Dugu-ko lagunak?), honako hau esatea (BERRIA, 2022-03-29): «Euskadin bi hizkuntza ofizial daude», eta «Biak jakiteko, ikasketak bietan egin behar dira». Zu(e)k badakizu(e) hori esatea sinplekeria hutsa dela hoberenera, inozokeria, baina okerrago seguru asko, gu engainatu nahia. Halakorik esateko ez dago ezkerreko izan beharrik, ez euskaldun, ez demokrata. Ez dakit hala izan nahi duzu(e)n.

Horiek irakurrita, balirudike Euskal Herrian (eta zure/zuen Euskadin) bi hizkuntza ofizial ditugula, biak babes, indar, garapen eta zabaltze maila berberekin gizartearen esparru guztietan. Salbu, agidanean, hezkuntzan, non zu(e)k demokratikoki eskatu nahi duzu(e)n nonbait ikasketak orain bi hizkuntzetan egin beharra.

Halakorik esatea ez legoke gaizki gure Iparraldean, edota Nafarroa Garaiko hizkuntz eremu misto eta espainol hutsezkoetan (eta ez dakit sikiera hori defendatzen duen Nafarroa Garaiko Ahal Dugu-k edo Podemosek edo dena delakoak, euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osoan, bai? Ala ez?). EAEn berriz badakigu —zu(e)k agian ez duzu(e) jakin nahi— euskarazko D ereduan ere ikasleek maiz ez dutela lortzen euskara maila nahikorik, beren espainolezko erabilera maila zabalaren parekorik.

Aldiz, bada D ereduan espainol maila nahikorik lortzen ez duenik? Azaldu behar ote dizu(e)t zergatik? Ez, ezta? Zer esan euskarazko hizkuntz eredu apalagoez...

Bi hizkuntzetan ondo jakitea lortzeko Euskal Herri osoan, gutxieneko, euskarazko murgiltze eredua orokortu beharko litzateke, eta are indartu, kasuan-kasuan irakaskuntza baliabide gehiagoz hornitu.

Zure adierazpenak irakurrita, are dirudi zu baino demokratagoa Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, soilik espainolaren %25eko proportzioa derrigortuz demokratikoki Kataluniako irakaskuntzan.

Onargarri izan liteke irakaskuntzan ikasketak bi hizkuntzetan egitea gizartearen beste esparru guztietan ere hala egingo balitz. Ordea, ahaztu zaizu(e) aipatzea «Euskadin bi hizkuntza ofizial» daudenez «biak jakiteko, gizartearen esparru guztietan egin beharko litzatekeela bietan», gutxienez maila berean, eta ez bakarrik hezkuntzan, ala? Ezagutza maila bera gutxienez, hedabideen zabalpena maila berean bi hizkuntzetan, erabilera maila berean...

Horiek guztiak egiten ez diren bitartean gutxienez maila berean bi hizkuntzetan, inork ez daukagu «bi hizkuntzak maila berean jakiteko, ez erabiltzeko aukerarik». Eta hala, ez dago demokrazia linguistikorik euskaldunontzako, eta bai espainolentzako. Orain zu(e)k demokrazia linguistiko hori aldarrikatu nahi duzu(e) hezkuntzaren esparruan, gizartearen beste indar guztiei aurre egin lekiekeen esparru bakarrenetakoan neurri apal batean bada ere.

Amarrua iruditzen zait. Iruditzen zait ez zaude(te)la euskaldunontzako demokrazia linguistikoaren alde, eta horrelako adierazpen eta jarrerekin betikotu baino ez duzu(e)la egiten euskaldunon bazterketa eta gutxiespena. Hala da?

Halakoak esateko ez dago ezkerreko izan beharrik, ez euskaldun, ez demokrata.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.