ZUZENDARIARI 

Neonatologian ez dago txantxangorririk

Leire Zubeldia eta Igotz Alkorta.
2016ko apirilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hilabete pasa da gure alaba jaio zenetik. Arazo batzuk tarteko, astebete egin behar izan zuen Donostia ospitaleko jaio berrien edo neonatologia alorrean. Egun gutxitan etxeratu ahal izan ginen. Esker hitzak ditugu gure txikia zaindu zutenentzat.

Baina txanponak bezala, gure istorioak baditu bi alde. Biok gara euskaldunak. Euskaraz lan egiteko zortea dugu eta gure alaba euskaraz hezteko hautua egina ere bai. Gure txikiak ordea, bere bizitzako lehen astebetean espainola izan zuen entzun zuen hizkuntza nagusia, gurasoen hitzak kenduta, ia bakarra. Gure begiz ikusi ahal izan genuenaren arabera, Donostia ospitaleko neonatologia alorreko langileen gehiengo oso handi bat ez da gai euskaraz hitz egiteko. Ez gara ari medikuez soilik. Erizain eta erizain laguntzaileez ari gara bereziki, eurak direlako kopuruz gehien eta eurek igarotzen dutelako jaio berriekin tarterik handiena. 2016 urtean eta Donostia ospitalean, oraindik horrela? Postu horietan, euskaldunik ez dago kontratatzeko moduan? Antzekoa da erditzean aurkitu genuen langilegoa ere.

Euskararen geroa kalean, eremu ez formalean jokatzen dela esaten entzuten ditugu gure agintariak. Hori ukatu gabe, gure istorioak, bere xumean, errealitate gordin eta onartezin bat islatzen duela uste dugu.

Negu gorriko egunetan jaio zen gure txikia, eta antza, euskararen txantxangorria ezkutuan ibiliko zen. Dena den, elur edo eguzki, txantxangorriarentzat leku ospelak hortxe daude euskal administrazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA