Errenteria

Nola hobetu zerbitzu publikoak

Amets Bengoetxea
2023ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

Udazken honetan, Euskal Herrian eta EAEn bereziki, zenbait greba egunetarako deia zabaldu da. Herritar moduan, bat egiten dut bai hezkuntza eta funtzio publikoen grebarekin, bai greba feministarekin. Bizi dugun egoerarekin, behar-beharrezkoak ditugu greba hauek.

Sindikatukerietan sartu gabe; zerbitzu publikoak erabiltzen ditugunok argi ikusten dugu hauen gainbehera. Arduradunen utzikeria; eraikinen edo espazioen mantenu eza; baliabide pertsonalen kudeaketa tamalgarria; pribatizazioak. Zerbitzua eman behar duten profesional askoren nekea begi bistakoa da. Baina hala al da?

Zerbitzu hauen kudeaketan ari diren politikariek ezetz esango dute; dena ondo doala eta dauden arazoak puntualak direla. Baina erabiltzen al dituzte beraiek, beraiek kudeatzen dituzten hezkuntza, osasun, garraio, zaintza, pentsio... zerbitzu publikoak?

Orokorrean ezetz esango nuke. Zenbat politikari ikusi dituzue anbulatorio bateko aulkietan eserita? Zenbat eskola publiko baten atean bere senitartekoren baten zain? Zenbat doaz garraio publikoan lanera? Zenbatek jasotzen dute 1.080 euroko saria soilik erretiroa hartzean?...

Horra proposamen bat: diru publikoa jasotzen duten langile, teknikari, funtzionario eta, noski, politikari oro, derrigor, zerbitzu publikoak erabiltzera behartuko lukeen arau bat sortzea. Ez besterik.

Hartu minutu bat eta pentsatu. Neurri hau indarrean balego, eta lehendakariak erresonantzia bat beharko balu, egun behar diren lau-bost hilabeteak itxaron beharko lituzkeela uste duzue? Edo EH Bilduko alkate batek bere senitartekoak eskola publikoan balitu, eraikinak eta kanpo espazioak egun dauden bezala leudekeela uste duzue? Edo PSEko teknikariren batek, gizarte zerbitzuen laguntza beharko balu, zerbitzu hauetan dauden itxaron zerrendak leudekeela uste duzue? Edo Elkarrekin-Podemoseko parlamentari batek erretiroa hartuko balu, egun dagoen pentsioa soilik jasoko lukeela uste duzue?

Agian bai, baina gauza bat argi dago. Inork ez du beste inor funtzio publikoan edo politikan sartzera behartzen. Etika eta politika ez doaz beti batera; baina sistema publiko bat kudeatzen duenari, bertako langile denari, eska diezaiekegun gutxiengoa zerbitzu hauen erabiltzaile izatea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.