Egungo gizartean, argiteria eta ikus-entzunezko aurreratuenetakoak erabiliz, estadio erraldoietan ikuskizun handiek duten erakargarritasuna are eta gehiago ari da hedatzen. Berdin dio kirola izan, liburu azoka bat izan, musika izan edo telebistetako hainbat programak duten izugarrizko entzuleria izan.
Euskal kutsuko jantziak izan arren, manipulazioa, demagogia eta antzekoak arerio eta arbuiagarri ditugun heinean, jainko txikiak edo ez hain txikiak sortzen ari dira herriaren oroimen «kolektiboan», orain erraten den bezala. Ai ama!!! Orea ala masa, gauza bera al dira?
Bertako berbaren defendatzaile bilakatu garen honetan, bertakoak ez diren gero eta janari, tresna eta jantzi gehiago ari dira etengabe Euskal Herrira iristen. Ondorioz, zoritxarrez edo halabeharrez, bertakoa eta behar duguna komeni zaigunean soilik bereizten ditugu.
Politikan ere gehiago begiratzen dugu AEBetara, Madrila edo Extremadurara eta, bide batez, gutxiago hurbilera. Ez da harritzekoa, beraz, zenbait gizarte mugimendu norabide bila jardutea. Munduan hedatzen ari diren joerak, ustez urrunak edo gurekin zer ikusirik ez dutenak, dagoeneko gure su bazterrean ditugu; denbora testigu.
Jakina da, kuanto, sare sozialen zurrunbiloaren eraginean bizi garela, eta sentimenduek sortzen dituzten emozioek agintzen dutela gure baitan eta gure ingurukoengan. Eta bestalde, identitatearen azken maila den folklorearen zuztarra gero eta hurbilago nabaritzen da itsas uhinen arteko gailurreko apar zurixkatik. Lastoa eta garia bereizteak ematen dizkigu, ordea, lanak. Beraz, badakigu bidea zein izan litekeen: ore ama ala masa hautatu, edo bion arteko porrusalda. Ai, ama!