Donostia

Osakidetza eta Lehen Mailako Arretaren zaintza

Iñigo Aldabaldetreku Balentziaga
2025eko abuztuaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maiatzaren erdialdetik aurrera arta jaso dut Lehen Mailako Arretan, Antiguako anbulatorioan, Donostian. Arnasketa-arazo batek jota kontsultara joan nintzen, eta hasieratik erakutsi zuen medikuak arduraz entzuten eta jarduten zuela. Beharrezko probak eskatu, kontrajarri, eta diagnostikoa egin zuen, nik ezagutzen ez nuen gaixotasun kroniko batena. Bizitza osorako tratamendua agindu dit eta urtero berrikustea gomendatu dit. Jarraipen-kontsultetan ere enpatiaz eta jakinduriaz erantzun ditu planteatu dizkiodan zalantza eta galdera guztiak, baita ondorioren bat duten aldez aurreko arazo fisikoei buruzkoak ere. Horregatik guztiagatik, Cristina Alonso Alvarez doktoreari eskerrak ematen dizkiot. 

Jakin badakit Alonso doktoreak konpromiso, ezagutza eta gaitasun handia frogatu duela sei hilabeteetan bere pazienteekin lehen mailako arretako mediku gisa, otsailean erretiroa hartu zuen aurreko titularraren ordez arituta. Gaur, azken kontsultan jakin dut jakinarazi diotela bere zerbitzuak laster amaituko direla.

Osakidetzak Lehen Mailako Arreta epe luzerako zaindu beharko luke, medikuen jardun profesionala eta emana baloratu eta aitortu, kalitatezko osasun-zerbitzu publiko batek eskatzen dituen baldintzak eta egonkortasuna eskainiz. Zaindu ditzagun zaintzen gaituztenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.