Portugalete

Postiralefobia

Eider Andres Tejedor
2024ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun

Ez da nik asmatutako kontzeptua, baina… ederto islatzen du aste hauetan gorputzean dudan sentsazioa, eta ziur ez naizela bakarra!

Urtarriletik martxora bitarte Bilboko Artazugoikon Iralek duen egoitzan ikasle gisa egoteko aukera izan dut. Aukera paregabea, zalantzarik gabe!

Irakasle izanda euskara indartzeko ikastaroan parte hartu nahi izatea deigarri egin zaie nire inguruko askori. Barre egin dut harridura hitzak entzun ditudan bakoitzean. Onartzen dut aukera hori ez zaiola langile orori eskaintzen; zergatik, ordea, ez eutsi eskaintzen zaigun horri?

Behin euskara titulu bat lortuta ez al diogu gerora gure hizkuntzari maitasun apur bat eskaini behar?

Irakasle garen heinean, gure ikasleen hizkuntza ohituretan eragingo dugun pertsonak garen heinean, hizkuntza aberastu eta hobetzea ez al litzateke ia derrigorrezko izan behar?

Irale txipa aldatzeko lekua da, sektoreko profesionalekin gure lanaren gorabeherak trukatzeko tartea eskaintzen digun oasia da, euskaraz eta euskal kulturaz hitz egiten diguten horiei (aipamen berezia gure irakasleei, biba zuek!) entzunez  gozatzeko lekua da, eta… Askoz gehiago ere bada, baina zuek deskubritu beharko duzue hori!

Datorren ikasturterako izen-ematea ate joka dagoen honetan, zalantzaren bat duzuen horiei, arnasgune baten beharra duzuen horiei, birritan ez pentsatzeko esango nizueke nik (eta nire gelakideek ere bai, ziur!).

Gero dioenak bego dio; hortaz, ez gerorako utzi eta aprobetxatu ezazue eskaintzen zaigun aukera, ikastetxeetan herdoildu egiten zaigun gure hizkuntzari bultzada bat eman diezaiogun!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.