Lurperatzen Gaituen Paseoari Ez – Ekialde Bai auzo elkartea

PSE eta EH Bildu, zertan zabiltzate Eibarren?

Oscar San Martin
2025eko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lurperatzen Gaituen Paseoari Ez – Ekialdea Bai auzo elkartean guztiz harrituta jarraitzen dugu ikusita Eibarren nola egiten diren edota egiten ez diren gauzak. Udaleko osoko bilkuretan gaiak onartzen dira, baina horiek gero ez dira betetzen. 2023. urtean Eibarko ekialdearen maketa bat egitea onartu zen; baina herritarrok ezin izan dugu hori ikusi, ez baita adostutakoa bete.

Hala nola 2021. urtean Murrategi eremu degradatuarentzat —horrela izendatua dago— birgaitze plan berezi bat onartu zen. Udalak bi urte eta erdiko atzerapena omen daroa Murrategiko inbertsioaren tramitazioan, ondoren proiekturen bat abian jarri ahal izateko.

EH Bildu, maketaren gaiarekin isilik dago, ez du tutik ere esaten. Murrategiko kasuan utzikeria eta arduragabekeria aurpegiratzen dio PSEri eta alkateari. PSEko bozeramaileak, berriz, Murrategiko proiektua aktibatuta dagoela erantzuten du, baina aurrera egiteko Diputazioa eta Eusko Jaurlaritza inplikatu behar direla argudiatzen du, eta interesak bateratzea asko kostatzen dela. Gainera, alkateak berak zabarkeriaz jokatu izana leporatu dio EH Bilduri, Murrategi berrizteko funtsengatik (hiru milioi euro).

Honen harira, gogora ekarri nahi dugu 2021ean bi alderdi politiko hauek Eibarko ekialdea biziberritzeko beraien adostasunaren berri eman zutela.

Momentu honetan, herritarrok maketa gabe, Murrategi geldirik eta bertan zer egiteko asmorik ezagutu barik jarraitzen dugu. Horrez gain, EH Bildu eta PSEren artean adostasuna baino desadostasunetik gehiago dagoela dirudi.

Bi horiek orain elkarri erasotzen eta ika-mikan dabiltza, eta egoera hori nahiko itsusia iruditzen zaigu. Guk hau guztia nekez ulertzen dugu eta kezkatzeko modukoa dela iruditzen zaigu. Gauzak horrela, ez dirudi giro politiko hori onena denik hiriaren ekialdean kalitatezko proiektuak gauzatzeko. Horrela, geure buruari galdetzen diogu: bi hauek, EH Bilduk eta PSEk, 2021. urtean Eibarko ekialderako ze akordio mota egin zuten?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.